EÑAUT CASTAGNET

«Bertako jendeak ere filmean parte hartzea nahiko nuke»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 8a, 08:00

Lesakan eta Beran izanen da udan Eñaut Castagnet (erdian) film laburrerako prestaketak egiten.

Eñaut CASTAGNET, Bidarteko zinemagilea

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programaren parte-hartzaileetako bat da Eñaut Castagnet, 34 urteko zinemagile lapurtarra. Bera eta Lesaka herriak egokitu zaizkio eta bertan film labur bat grabatuko du hurrengo hilabeteetan Gastibeltza Filmak ekoiztetxearekin

Euskal Herri osoko 26 artista parte hartzen ari dira Geuretik Sortuak programan. Haien bizilekua utzita, zinegile, idazle eta antzerkigileek 16 ipuin, bortz film labur eta bortz antzerki sortuko dituzte, esleitutako herriak oinarritzat hartuz.

Zergatik erabaki zenuen programan parte hartzea?

Lehen aldia da  horrelako ekimen bat egiten dela, eta onuragarria eta beharrezkoa iruditzen zait Euskal Herrian zubiak eraikitzeko, ipar-hego eta eki-mendebalde. Jendea eta lekuak ezagutzeko ere baliagarria izanen dela uste dut. Zinez ekarpen handiak egiten dituzte proiektu hauek, bai profesionalki baita pertsonalki ere.

Zein fasetan dago proiektua?

Film laburraren gidoia idazten ari naiz orain. Lesakan eta Beran inspiratzeko, hainbat joan- etorri eginen ditut udan zenbait etapatan: gidoia idazteko, lokalizazioak ezagutzeko... Argazki eta arte-zuzendariekin ere bilduko naiz lokalizazioak begiratu eta zehazteko. Udalekin elkartzen hasi gara dagoeneko egutegia zehazteko.

«Malkoak eta irriak nahastu nahi ditut film laburrean»

Nolako eragina izan dute Berak eta Lesakak film laburrean?

Bi herri hauek ez nituen ia ezagutzen, eta kontent nago helburua justuki leku eta jende ezezagunak ezagutzea delako. Jadanik banuen gidoiaren ideia deialdira aurkeztean, eta orain istorio eta lokalizazioak egokitu beharko ditut. Hala ere, fikzioa gustatzen zait eta ez da Lesakan edo Beran gertatuko, herri fiktizio batean baizik, pertsonaia eta istorio fiktizioarekin. Dena den, errealitatetik abiatuta, lokalizaio eta dekoratuak egiazkoak izanen dira.

Bertako aktore eta ekipo teknikoaren bila ari zara…

Bai, nahasketa egin nahiko nuke; bertakoak eta kanpokoak, profesionalak eta ez profesionalak... Hainbat zuzendarik egin ohi dute hori. Adibidez, Lesakako ostatu batean eszenaren bat grabatzen badugu, ez dugu zerbitzari bat kontratatuko bertakoa filmean parte hartzeko prest baldin badago. Paperak eta lokalizazioak zehaztean deialdi irekia eginen dugu gogoa duen jendeak parte har dezan.

Zer kontatzen ahal diguzu filmari buruz?

Izenburua behin-behinekoa da, baina oraingoz Muga du izena. Mugez eta hauek zeharkatzen dituzten pertsonei buruz izanen da, zehazki mugak zeharkatzen dituzten etorkinei buruz. Haien bidaia segitzea izanen da istorio nagusia. Film iluna izanen da, baina umore pixka batekin, ez dut izugarrizko drama izatea nahi. Gaia aski dramatikoa da, baina bizitza aldrebesa da eta absurdo hori komedia gisa sartzea gustatzen zait. Malkoak eta irriak nahastu nahi ditut. Estetika eta erritmo aldetik, western estiloa gustatzen zait eta horren kutsu bat ere gehitu nahiko nioke.

Noizko aurreikusi duzu filma bukatzea?

Uda ez da garai aproposena proiektuak lantzeko, gehienak oporretan daude eta zaila da jendea mobilizatzea. Asmoa aktoreak, lokalizazioak eta atrezzoa udan zehaztea da eta irailean bilkura publikoak eginen ditugu Beran eta Lesakan proiektua aurkezteko eta jendea etorrarazteko. Filmaketa azaroan eginen dugu, datak zehazteke daude oraindik, baina erdialdera izanen da. Grabaketa bukatzean, film laburra film orokor baten parte izanen da, Geuretik Sortuak programako bertze lau zinemagileen lanekin batera. Urte bukaerarako prest egon beharko du gero Udalbiltzak zabal dezan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun