«Hendaiako bertso eskolan hasi nintzen, zortzi urte ingururekin, eta ondotik eskolarteko txapelketen bidez eman nuen plazarako saltoa». Halaxe hasi zuen Maddi Ane Txoperena Iribarrenek bertso munduan bere ibilbidea. 2011n eskolarteko txapelketa irabazi zuen, eta «horrek gazte sariketa aunitzetan kantatzeko aukera eman zidan». Handik guttira itxi zuen, ordea, atea: «ez nengoen eroso, eta 19-20 urterekin erabat utzi nuen plazako jarduna, 2014aren bueltan».
2018an bueltatu zen, «Lesakako bertso eskolan hasi eta Bardoak Nafarroako taldekako bertso txapelketan parte hartuta». Gaur egun Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatzen duen emakumeen Ahalduntze Bertso Eskolan parte hartzen du, «eta horrek indar eta sare handiak eta sendoak eman» omen dizkio. Gehiago ere bai: «Azken urteotan inoiz baino gusturago eta kontzienteago ari naiz bertsotan. Azkenaldian plaza dezente izateko aukera izaten ari naiz, gainera, eta gustura ari naiz kantuan». Bat-batekoaz gain, «bertso-paperak ere idazten ditut tarteka», gaineratu du.
Ahalduntzeko bidean
Nafarroako emakume bertsolariak biltzea ezin hobeki ikusten du Txoperenak: «Aitzinetik Euskal Herriko emakumeen Ahalduntze Bertso Eskola bagenuen, baina elkargunea Gipuzkoan izanda, Nafarroako emakume guti animatzen gara horretara. Gainera, bat-bateko jardunera bideratutakoa da».
«Aunitzetan iruditzen zaigu bertsolaria bat-batekoa bakarrik dela, baina ez da hala»
Berak, ordea, garbi utzi nahi izan du «bertsolaritza bizitzeko eta bertsolari izateko modu aunitz» daudela, «diskako bertso batean Bortzirietako Bertso Eskolako neska gazteek dioten bezala»: «Aunitzetan iruditzen zaigu bertsolaria bat-batekoa bakarrik dela, baina ez da hala: bertso-paperak eta bertso-jarriak idazten eta kantatzen dituztenak ere badira, eta horiek denak elkartzeko aukera eman digu Nafarroako emakume bertsolarien topaketak». Horregatik uste du «emakume bertsolariak biltzea guziz ezinbertzekoa dela, emakume bertsolarien biziraupenerako zein osasunerako: normalean gutiengoa gara bertsolaritzarekin loturiko espazioetan, bertso eskoletan, saioetan… eta elkartzeak bizipenak konpartitu eta elkarrekin sortzeko aukera ematen digu, espazio eroso batean; ahalduntzeko aukera, finean».
Diskoan «ttikitan erreferente» izan zuen ahizparekin
Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak diskoan ere bere alea jarri du lesakarrak, eta bere ustez, «bertso sorta aunitzez osaturiko bilduma ederra» gelditu da. «Denetarik dago, bai gaietan baita estiloetan ere», eta «niretzat opari eder bat izan da hor parte hartu ahal izatea eta emaitza kolektiboa hartzea». Hortik aparte, diskoaren harira Nafarroako emakume bertsolarien bat-bateko saio batzuk ere antolatu dituzte eta hori «arrunt aberasagarria» izaten ari dela nabarmendu du. Bide horretan, lantalde feminista egiten ari dena ere goraipatu du: «Alazne Untxalo, Irati Majuelo eta Joana Ziganda ikaragarrizko lana egiten ari dira».
Baina Txoperenarentzat bada diskoa berezi egin duen bertze zerbait: «Kristine ahizparekin kantatu dut bertso sorta, eta ilusio berezia egin dit horrek. Ttikia nintzela ahizpa bertsotan ibiltzen zelako animatu nintzen ni ere bertso eskolara. Ondotik berak utzi zuen eta pena handia dut, baina bera izan nuen ttikitan erreferente. Bertsozale izaten segitzen du, tarteka bertsoren bat idazten ere bai, eta polita izan da sorta hau elkarrekin grabatzea».
«Espazio publikoa ez da emakumeona izan historikoki, eta oraindik ere lan handia egin behar dugu hor egoteko eta gurea egiteko»
Nafarroako emakume bertsolarien egoera «bertze leku guztietan bezalatsu» ikusten du Txoperenak: «ttikitan bertso eskoletan gehiago edo berdin izaten dira neskak, baina gero plazarako pausoa ematerakoan, emakumeak maiz gibelera gelditzen dira». Horren gibelean «gizarteko egitura oso bat» ikusten du, «Uxue Alberdik Kontrako Eztarritik liburuan ederki aski azaltzen duena». Bere irudiko, «espazio publikoa ez da emakumeona izan historikoki, eta oraindik ere lan handia egin behar dugu hor egoteko eta gurea egiteko». Ez da hori bakarrik. Horri «nafar izatearena gehitu» behar zaiola dio: «Leku aunitzetatik kantatzera joateko deitzen digute, emakume gazte nafar bat behar dutelako, kupoa betetzeko-edo». Lesakarrari, ordea, hori «gutxieslea» iruditzen zaio: «Nik ez dut nahi emakumea, gaztea eta nafarra naizelako (edo Iparraldekoa) deitzea. Nik Maddi Ane naizelako deitzea nahi dut, ni aditu nahi nautelako, ez bertzerik».