Bertsogintzan Lesakako Tantirumairu ikastolan hasitako ibilbideari Bortzirietako bertso eskolan eman zion segida Lagomak: «Tantirumairu ikastola beti izan da bertsozalea eta ttikitatik bertso sortak ikasten genituen. Lehen Hezkuntzan Lontxo Aburuza etortzen zen bertsolaritza eskolak ematera, eta ondotik Bortzirietako bertso eskolan hasi nintzen, 11 urterekin».
Hortik aitzinera gehiagora joan zen bere zaletasuna: «Hasiera-hasieratik Hendaiara joaten ginen, bertako bertsolariekin saioren bat egitera, eskolartekoa». Ez da oroitzen lehenbiziko plaza non egin zuen, baina «aski gaztetan Kaxiano ezagutzeko aukera izan nuen Etxalekun. 13 bat urte nituela, hango jubilatuen bazkarira joan nintzen kantatzera, Manolo Arozenarekin eta Leitzako Perurena zaharrarekin». Bete-betean murgildu zen bertsolaritzan: Bi aldiz Nafarroako eskolartekoan txapeldun izan zen, eta 2004an lehenbiziko aldiz Nafarroako Txapelketan eman zuen izena. 2006, 2007, 2008, 2009 eta 2013ko finaletan izan zen, eta azken horretan hirugarren postua lortu zuen.
«Plazan sufritzen nuen, baina plazatik kanpo ere ez nintzen gustura, eta horregatik egin nion neure buruari 40 urterekin bueltatzeko promesa»
Indartsu hasi zuen ibilbidea, ordea, alde batera uztea erabaki zuen lesakarrak: «Bi orrialde beharko nituzke arrazoiak azaltzeko», aipatu du, «baina horietako bat» plazan sentitutakoa izan omen zen: «Plazako jarduna exigentea da eta emozionalki ongi kokatua egotea eskatzen du, bertzela, esposizio hori hagitz gogorra da». Onartu duenez, «plazan sufritzen nuen, baina plazatik kanpo ere ez nintzen gustura, falta nuen, eta horregatik egin nion neure buruari 40 urterekin bueltatzeko promesa. Eta argi dago ezin dela leku guztietan egon, aunitzetan aukeratu egin behar da».
Eta halaxe egin du, hitza bete eta 40 urterekin berriz bueltatu da plazara. Gaur, urriaren 9an, Tafallan jokatuko den final-laurdenetan ariko da. «Txapelketak sortzen duen ikara» hortxe sentitzen du omen du, baina «lanerako gogoa» ez zaio falta.
Nafarroako emakume bertsolariak
Nafarroako Bertsozale Elkarteak argitaratu duen Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak diskoan ere parte hartu du Lagomak, eta «nahi baten emaitza» delakoan dago; «proposamen baten eta amuari kosk egiteko ausardiaren emaitza». Disko «xumea eta anitza» hitzekin azaldu du, baina hortik harago, «egiazkoa» dela nabarmendu; «eta badago zer leitu lerro artean».
«Plazan emakumeak % 20 gara, eta Nafarroako txapelketan 24 bertsolarietatik sei gara»
Bide beretik, «hagitz garrantzitsua» iruditzen zaio Nafarroako emakume bertsolariek biltzeko eman duten pausoa. Datu bat ere mahai gainean paratu du: «plazan emakumeak % 20 gara, eta Nafarroako txapelketan 24 bertsolarietatik sei gara». Hori ikusita, «ezinbertzekotzat» jo du «bidea elkarrekin egitea, elkar zaintzea. Gazteagoa nintzenean, ez nuen emakume talde hori izan».
Nafarroako emakume bertsolarien etorkizunaz galdetuta, berriz, bere hitzetan, «gakoak» izan daitezkeen zenbait ideia aipatu ditu: «norberak egindako lana, plazaratzeko aukera, genero perspektibaren lanketa eta Nafarroako bertsolariei prestigioa ematea». Bertze herrialdeetako emakume bertsolarien egoera ere hizpide izan du, eta horren harira, «herrialde bakoitzeko egoera soziolinguIstikoari genero aldagaia gehitu behar zaiola» uste du, «eta egoera soziolinguistikoan badira aldeak. Hiztun kopuruari begiratzea bertzerik ez dago, marko linguistikoa…». Hala ere, argi utzi du: «ez zait gustatzen bertze herrialdeetara begira jartzea. Bakoitzak bere errealitatea du eta guk gurean eragin behar dugu».