Urriaren 9an 17:30ean Tafallako Kultur Etxean Nafarroako Bertsolari Txapelketaren bigarren final-laurdena jokatuko dute. Han ariko dira Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena (Ituren), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera), Erika Lagoma Pombar (Lesaka) eta Urko Gartzia Aleman (Lekaroz), Ander Aranbururen gidaritzapean. Sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus web orrian eta lehiatilan ere erosten ahalko dira ordubete lehenago.
Lau final-laurden eginen dituzte guztira 24 parte-hartzailerekin. Joan den astean Izaban jokatutako saioak eman zion hasiera kanporaketa prozesuari eta Eneko Fernandez lesakarra nagusitu zen. Hiru finalaurrekotan erabakiko dira Iruñean jokatuko den finalera ailegatuko diren zortzi bertsolariak eta bakarrak jantziko du txapela.