Koronabirusa

Lesakan eta Beran hasiak dira adinekoen egoitzetako erabiltzaileei txertoaren hirugarren dosia ematen

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 21a, 14:00

Osasun Departamentua gaur hasi da Nafarroako adinekoen egoitzetako erabiltzaileei COVID-19aren aurkako txertoaren dosi gehigarri bat ematen, hauskortasunaren, patologia aniztasunaren eta ingurune itxietan bizitzearen profilagatik. Hain zuzen, Lesakako Andra Mari eta Berako San Jose egoitzetan eman dituzte Nafarroa osoko lehen dosiak. Ikusmina sortu du horrek eta, horren erakusgarri, gaur goizean Lesakako Andra Mari egoitzan bildutako kamera eta kazetari pila.

Txertoa hartzen lehenbizikoetakoa izan da Berako Zalain auzoko Eltzaurpeko bordako Pepita Zelaieta Lazkano. 88 urterekin, ez zuen inolako kezkarik, «egunero hartzen dut intsulina injekzioa eta hau ez da deus niretzat, kejarik ez dut», zioen umorez. Aitzineko bi dosiak hartuta, ez zuela ondorio handiegirik izan aipatu digu, «mareo pixar bat beharbada, baina segurantza ematen dit eta hori behar dugu orain».

Duela bortz urtetik egoitzako apeza den Vicente Arrieta Arruabarrenak ere hirugarren dosia hartu du eta aitzinekoetan, deus eman ez baliote bezala egon omen zen, «inolako ondoriorik gabe». Oraingoa ere hala igarotzea espero du, 82 urteko gizasemeak. «Hau da orain eskaintzen ari direna eta pentsatzen dut deus ez hartzea baino hobe izanen dela. Hemen hartu-emana dugu jende aunitzekin eta, badaezpada, ematea hobea izanen dela uste dut. Horrek lasaitzen nau».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun