2020ko urtarriletik dabiltza negoziazioarekin bueltaka Zalaingo lantegian, 2017tik 2019ra bitarteko hitzarmena agortua dagoenez, berria adostu nahian. Baina joan den urtean, pandemia tarteko alde batera utzi behar izan zituzten negoziazioak. Karmelo Conde ELAk lantegian duen ordezkariak eta enpresa batzordeko presidenteak eta Mikel Agirre LABeko ordezkariak adierazi dutenez, «aurten hasi gara berriz negoziazioekin». LABekoaren arabera, «20 bilera egin eta gero, puntu batzuetan hurbiltasuna lortu dugu baina bertze batzuetan beraiek sartu nahi dituzten modalitate berri batzuk ez dituzte baztertzen». ELAkoak, bere aldetik, «Zalainen negoziazioak beti aunitz luzatzen» direla salatu du eta argi utzi nahi izan du «eskatzen duguna ez dela zentzugabea, eta taldeko bertze enpresetako baldintzak eskatzen ditugu».