Koronabirusa

Lesakako Osasun Etxean lanez gainezka daudenez, «kasu larriak eta hagitz larriak soilik» artatuko dituzte egunotan

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 13a, 09:30

Ruth Gonzalez Santo Tomás, Bortzirietako Osasun Etxeko zuzendaria.

100.000 biztanleko 2.260 kasurekin, larrialdi deia zabaldu dute Lesakako Osasun Etxetik: «egoera izugarri larrian gaude eta Osasunbideak ez digu inolako errefortzurik bidaltzen. Hortaz, egunotan larri edo hagitz larri daudenak bakarrik etor daitezela osasun etxera». Halaxe erran digu Ruth Gonzalez Santo Tomasek, Bortzirietako Osasun Etxeko zuzendariak.

Lesakan 2.260 kasu positibo 100.000 biztanleko

Egoera «ezin larriagoa» da. Lesakako osasun eremuan daturik okerrenak dira pandemia hasi zenetik, diferentzia handiarekin. Hainbertze kasu izateak lan gehiegi ekarri die osasun langileei, izan erizain, mediku eta telefonoa hartzen dutenak. «Atzo 15:30ean, teorian eguneko lanaldia bukatuta izan behar zutenean, Lesakako Osasun Etxean ordu horretan zeuden bi medikuek bakoitzak 50 segimendu-dei baino gehiago zituen oraindik egin beharrak. Ez dakit noiz bukatuko zuten» dio Gonzalezek.

«Guretzat lehentasuna txertaketarekin segitzea da»

Aste honetan, ortzegunean, txertaketak dituzte programatuak Lesakan. Egoera ezin larriagoa bada ere, Iruñeko agintariek ez diete errefortzurik bidali eta osasun etxeko zuzendariak dioenez, «betiko lantaldea gaude, lanez gainezka». Hala ere, ortzegunean txertaketak dituzte Lesakan eta Gonzalezek garbi dio: «guretzat lehentasuna txertaketarekin segitzea da».

Gaur jakinen dute baheketarik eginen ote den

«Osasun agintariek gaur goizean erranen digute azkenean Lesakan baheketarik eginen den edo ez». Gonzalezek erran digunez, erantzun horren arabera gauzak antolatu beharko dituzte eta «laguntza beharko dugu. Orain egotekoa naiz Bortzirietako alkateekin egoeraren berri emateko», gaineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun