Berako San Jose Zahar Etxe berrituaren 25. urteurrena ospatu dute gaur

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 29a, 19:00

Gaurko egunarekin, duela 25 urte, estreinatu zuten Berako San Jose Zahar Etxearen egoitza berritua. Lehenbiziko egoitza 1883an ireki zuten. Gaurko ospakizun-besta kanpoko aldean egin dute, detaile guztiekin. Ekitaldia Leire Ardanzak, zahar etxeko animatzaileak, aurkeztu du eta 25 urteotan laguntzen ibili diren guztiei esker onak emanez hasi du zeremonia: suziriak, ongietorria, meza, Berako Abesbatzaren kantak, Bernardo Barredoren jotak eta, duela 25 urte bezala, Jon Zelaietaren aurreskua. Eta ospakizuna borobiltzeko aperitiboa denen gozagarri.

1996an, 240 milioi pezeta kostatu zen egoitza berria

Halaxe publikatu genuen Ttipi-Ttaparen 185. zenbakian. «Gustura gelditu gara lanarekin eta hasierako aurrekontutik ez da pezetarik ere igo». Halaxe zioen Manuel Iriartek, Berako alkateak. «Etxea egitea 210 milioi pezeta kosta da eta mobleak ordaintzeko bertze 30 milioi pezeta», 1,5 milioi euro inguru, gaur egungo balioetara ekarriz gero.
 
Orduko kronikaren arabera, bakarkako 20 logela, 10 logela bikoitz eta mojendako bertze 7 egin zituzten, baina inauguratu zenean, 28 egoiliar ziren «bizitzeko izena emandakoak eta dagoeneko etxe herrian daudenak». Gaur egun 40 egoiliar bizi dira Berako Zahar Etxean eta 23 langile inguru ari dira lanean. Duen edukiera osoa baliatzen dute.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun