Garazi CONDE eta Ladis SATRUSTEGI

«Hutsik uzten dugun etxebizitza bakoitzeko bizitza proiektua egiteko aukera bat kentzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 26a, 09:45

Garazi CONDE eta Ladis SATRUSTEGI, Lesakako udal teknikaria eta alkatea

«Lesakan etxe huts aunitz zegoenaren» hipotesiari helduta, ikerketa egin berri du Lesakako Udalak, eta Ladis Satrustegi alkatearen eta Garazi Conde udal teknikariaren arabera, horrela ondorioztatu zuten «guztiz hutsik dauden 131 etxe daudela Lesakan, etxebizitzen %9,88. Lehen erabilerako etxebizitzak ez diren 265 detektatu ziren, hau da %19,98». Dena den, azterketa sakonago batek «hasiera batean uste genuen bezain bertze ez direla» jakiteko bide eman die.

 

Orain, berriz, ikerketaren emaitzen «sozializazioan eta komunikazioan» jarria dute arreta, «herritar guztiek eduki dezaten datu eta ondorioen berri. Uste dugu hori bera has daitekeela ondorioak eragiten. Izan ere, normalean bakoitzak berea du kontutan, eta adibidez, inguruan ez badu etxe bat erosi nahian dabilen norbait ez da konturatzen zenbaterainoko arazoa izan daitekeen».

«Alokairu Poltsa Programa neurri ona izan daiteke, baina ez da magikoa»

Alokairu Poltsa Programan ere sartu da aurten Lesakako Udala, eta Satrustegik eta Condek onartu dutenez, «neurri ona izan daiteke, baina ez da magikoa. Ikusi beharko da zein garapen duen programak». Hala ere, «etxe hutsak guttitu eta berezkoa duten funtzio soziala bueltatzen duen edozein neurri ongi etorria dela» iritzita, udalak «etxe hutsen jabeei programari buruz informazioa ematen» segitu gogo du.

Eneko Larrarte Nafarroako etxebizitza zuzendariak Lesakan egindako hitzak ere oroitarazi dituzte: «hutsik dauden etxebizitzei zergak igotzeko proposamena garatzen ari zirela aipatu zuen, jabetzako hirugarren etxebizitzatik aitzinera. Ikusiko dugu zein bide egiten duen».

«Azken urteetan etxebizitza merkantzia edo ondasun gisa ikusi eta tratatzen hasi izana arriskutsua da»

Gainerakoan, etxebizitzaren arazoa «estrukturala eta globala» dela diote, «faktore aunitzek baldintzatua: egoera sozioekonomikoa, merkatua eta bere lege injustuak, azken urteetako politika publiko eskasak, putre funtsak eta etxebizitzaren finantziazioa...». Hortik harago, «azken urteetan etxebizitza merkantzia edo ondasun gisa ikusi eta tratatzen hasi izana arriskutsutzat» jo dute: «Etxebizitzak funtzio sozial bat du, berezkoa eta nagusia izan beharko lukeena: jendeari bizitzeko lekua ematea. Horren gainetik, interes espekulatiboak, finantzarioak eta merkatuarenak jartzea dira egungo arazo nagusiak». 

Herriko egoerari begira

Lesakan alokairuak omen dira «arazo nagusietako bat»: «Eskaera handiena alokairuena da eta eskaintza hagitz ttikia da. Ohitura edo alokatzearen kultura falta, esperientzia txarrak, norberekoikeria…». Horren ondorioz, «urte guttitan Lesakako alokairuen prezioak ikaragarri igo direla» oroitarazi dute, «ordainezin bihurtzeraino. Gaur egun Lesakako alokairuak ia Iruñekoen pare daude. Horrek gazteen emantzipazioaren gibelatzen du... Kate luzea da, hutsunez betea».

«Bereziki larria da Lesakara etortzen diren nazioarteko migratzaileen kasua»

Baina «bereziki larria» iruditzen zaie «Lesakara etortzen diren nazioarteko migratzaileen kasua. Inkestan etxebizitza bat bilatzea bereziki zaila dutela ikusi dugu eta beraiek dira soldataren zati handiena etxebizitza ordaintzera bideratzen dutenak. Aunitz dago egiteko».

Gehiago ere bada. «Lesakan etxebizitza hutsen jabeak partikularrak» direnez, «jabeek ere botere handia dutela» oroitarazi dute, «garrantzitsua da beraien jarrera eta parte-hartzea; egoera mantentzeko edo honi buelta emateko erabil dezakete». Alde horretatik, «hutsik mantentzen dugun etxebizitza bakoitza pertsona edo familia bati Lesakan bere bizitza proiektua gauzatzeko kentzen diogun aukera bat» dela azaldu dute, eta «egoera honek herriko bizimoduan» duen eraginaz aritu dira: «jendea ez bada Lesakan bizitzera gelditzen, luzera populazioa galduko dugu eta herrian ditugun zerbitzu eta baliabideak galtzeko arriskua dugu, bertako kultur eta hizkuntza ondarea arriskuan egon daitezke, herri giroa apaltzen joanen da, zaintza krisi larria izan dezakegu… Ondorio horiek Nafarroako bertze herri batzuetan sufritzen ari dira, eta hori da Lesakarako nahi duguna?».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun