Lesakako Osasun Etxearen arabera, haurdun daudenek edo edoskitzen ari direnek «arazorik gabe» txertoa hartzen ahal izanen dute eta SMS mezua hartzen ez badute, Osasun Karpeta Pertsonalaren edo Zitazio Unitatearen bidez (948 37 01 30 edo citas.covid@navarra.es) hartu beharko dute hitzordua.
Bertzalde, bi dosiak hitzartutako egunetan hartu ezin badituzte, hurrengo adin tartean izanen dute txertatzeko aukera. 30-39 urtekoak uztailaren 21ean hartuko dute lehenbiziko dosia eta abuztuaren 11n bigarrena.
Horrez gain, «adin honetatik goiti norbait txertatu gabe gelditu baldin bada, prozedura bera segitzeko» aholkatu du osasun etxeak.
Txertaketa Bortzirietan
- 30-39 urtekoek uztailaren 21ean hartuko dute lehenbiziko dosia eta abuztuaren 11n bigarrena. 764 lagun daude deituak egun horretan, goizez, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean txertoa hartzera. Uztail hasieran irekiko dute hitzordua hartzeko agenda.
- 40-49 urtekoek ekainaren 24an hartuko dute lehenbiziko dosia eta uztailaren 15ean bigarrena. 1.285 laguni zuzendua dago txertaketa eta goiz eta arratsaldez ariko dira txertoak paratzen.
- 50-54 urtekoek ekainaren 4an hartu zuten lehenbiziko dosia eta bigarrena hilaren 25ean hartuko dute.
- 55 urtetik goitikoen txertaketa ia osatua dago. 60-67 urtekoei bigarren dosia hartzea falta zaie eta uztailaren 30ean hartuko dute bigarren dosia.