[Bideoa] Beti Gazte 4 - Eibar 6: final gogoangarri bateko golak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko eka. 14a, 17:00

Hirugarren mailara igoera lortua zuen Beti Gaztek astebete lehenago eta hortaz, etxeko lanak eginda joan zen larunbatean Beasaingo Loinatz futbol zelaian jokatu zen Gipuzkoako Ohorezko Mailako finalera. Eibar Urkok berriz, irabazita ere ezin zuen igo, bertze filial bat baitauka Eibarrek hirugarren mailan. Halere, partida gogoangarria eskaini zuten bi taldeek. Luzapenean 4-6 nagusitu zen Eibar. 

Igoera segurtatua izan arren, lesakarrak ez ziren larunbat goizpasa joan Beasainera. Partida hasi orduko aitzineratu zen Beti Gazte, Jonan Arbelaitzen golarekin. Nagusi ziren lesakarrak, baina lehen zatiaren erdialdera, aski izan zituen bi minutu Eibarrek markagailuari buelta emateko. Halere, atsedenera joan baino lehen binakoa egin zuen Ander Ordokik. Bigarren zatia hasi bezain laister berriz ere aitzineratu zen Beti Gazte Jon Ubiriaren golarekin. Berdindu egin zuen Eibarrek eta, okerragoa dena, bigarren txartel horia ikusi zuen Igor Gurrutxagak, kiroltasun osoz jokatzen ari zen partida batean. Azken ordu erdia jokalari bat guttiagorekin egin zuen Beti Gaztek, baina arauzko denbora bukatutakoan hiruna ziren eta luzapena jokatu behar izan zuten. Eibartarrek laugarrena egin zuten eta bazirudien partida hor bukatuko zela, baina Beti Gaztek urte osoan erakutsi duen konpetitzeko grina atera zuen berriz ere eta Jon Zabala aranztarrak gol bikaina egin zuen, luzapenaren lehen zatiko azken jokaldian. Baina azken 15 minutuak luze egin zitzaien lesakarrei, ordu osoa eman baitzuten jokalari bat guttiagorekin, eta  bi gol jaso zituzten. Halere, hirugarren mailarako igoera ederki ospatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun