14 eta 18 urte bitarteko hamaika bertsolari gaztek hartuko dute parte maiatzaren 29an Lesakan jokatuko den Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako 35. edizioan. Lesakako Harriondoa Kultur Etxean izanen da saioa, larunbatean 17:00etatik aitzinera, doako sarrerarekin. Aretoaren edukiera %50ekoa izanen da.
Ainhoa Arrizabalaga Sanchez (Iruñea), Amaiur Goñi Elortza (Bera), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Bittori Elizalde Soto (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar), Harriet Artieda Diez (Etxarri-Aranatz), Iraia Agirre Azkarate (Altsasu), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Oinatz Zelaia Gorrotxategi (Bakaiku) eta Olatz Bados Ganuza (Altsasu) izanen dira Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 35. edizioan parte hartuko duten hamaika bertsolariak.
Ainhoa Larretxeak aurkeztuko du saioa, eta Aimar Sagastibeltza, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena izanen dira saioko epaileak.
Lehen bi sailkatuak Euskal Herriko txapelketara
Txapelketak bi fase izanen ditu: Lehenengo fasean bertsolari guztiak arituko dira eta hortik, lau bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera.
Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.
Saioa 17:00etan hasiko da Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Sarrera libre izanen da, eta tokia nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatziz erreserbatu ahalko da. Aretoaren edukiera %50ekoa izanen da, eta osasun neurriak errespetatuko direla bermatuko da saio osoan.
Nafarroako Bertso Eskolen Eguna ere egun horretan ospatuko dute Lesakan.