Nafarroako Bertso Eskolen eguna maiatzaren 29an ospatuko dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 10a, 10:00
2015ean ere Lesakan egin zuten Nafarroako Bertso Eskolen Eguna.

Nafarroako gazteen Bertso Eskolek haien eguna ospatuko dute maiatzaren azken larunbatean, Lesakan. Nafarroa osoko 9 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute bertan, eta Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak emanen dio amaiera egun osoko egitarauari.

Ikasturte amaierarekin batera etorri ohi da Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna. Aurtengoak ere badu data dagoeneko: maiatzaren 29an ospatuko da, Lesakan. Nafarroako Bertso Eskolen sareko 9 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduriko jarduera da Bertso Eskolen Eguna.

Goizean mendi ibilaldi bat eginez ekinen diote egunari gazteek. Ondotik, herrian bazkalduko dute eta jolasak eginen dituzte, haien arteko harremanak sustatze aldera. Azkenik, Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatuko da Lesakan bertan, eta saio honek emanen dio amaiera egun osoko egitarauari.

Jarduera guztietan osasun neurriak beteko dira, egitarau dibertigarri bezain segurua izan dadin. Bertso Eskolen egunean izena emateko hurrengo galdetegia bete beharko da, maiatzaren 14a baino lehenago (galdetegian jaso dira jardueraren inguruko oharrak).

Aisialdia, transmisioaren osagarri

Bertso Eskolen Egunak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat jarduerak bezalaxe –Negulekuak, topaketak...– Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Modu horretan, aisialdiari garrantzia berezia eman nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.

Egun, 18 urtetik beherako 200 ikasle inguru aritzen dira Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 30 taldetan. Horretarako, irakasle sare zabal eta prestua du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun