Koronabirusa

«80 urtetik goitikoen %84ak osatu du txertaketa Bortzirietan eta kopuru hori %90era igoko da maiatzaren 12an»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 21a, 09:00
Txertaketa kanpainak emaitza onak ekarri baditu ere, prebentzio-neurriekin segitu behar dela ohartarazi du Elixabet Elizalde, Lesakako Osasun Etxeko erizain buruak.

Elixabet ELIZALDE ARIZTEGI, Lesakako Osasun Etxeko erizain burua

Bortzirietan txertaketa kanpainak duen martxarekin baikor agertu da Elixabet Elizalde Ariztegi, Lesakako Osasun Etxeko erizain burua: «gure eremuan, erran dezakegu 80 urtetik goitikoen %84k  osatu duela txertaketa (bi dosiak) eta datorren maiatzaren 12an kopuru hau %90rat igoko dela. Gaur ekinen diogu 70 -79 urtekoen txertaketari. Atzo batzuk egin genituen».

Covid-19aren eragina azkeneko aste honetan altxatu dela onartu du Elizaldek, «baina era kontrolatuan. Nafarroan nagusi den aldaera Britania Handikoa da (uste dut %90tik goiti), baina ez dut erraten ahal zehazki Bortzirietan zein den aldaera bakoitzaren portzentaia».

 

«Txertoa jartzen hasi denetik 200 ospitaleratze eta 50 heriotza baino gehiago prebenitu dira»

Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak apirilaren 12tik 18ra egindako asteko txosten epidemiologikoak erakusten duenez, «Txertoek Nafarroan duten eraginkortasunaren estimazio eguneratuek erakusten dute % 36ko babesa dagoela dosi batekin eta % 82koa bi dosirekin, COVID-19 kasu sintomatikoak prebenitzeko. COVID-19k eragindako ospitaleratzeak prebenitzeko txertoaren eraginkortasuna % 68koa da dosi batekin txertatutakoen kasuan, eta % 95etik gorakoa bi dosirekin txertatutakoen kasuan».

Eraginkortasun-estimazio horiek kontuan hartuta, Nafarroan txertoa jartzen hasi zenetik, «txertoaren zuzeneko eraginagatik 500 infekzio sintomatiko , 200 ospitaleratze baino gehiago eta 50 heriotza baino gehiago COVID-19ren ondorioz prebenitu dira». Halere, Lesakako Osasun Etxeko erizain buruak ohartarazi duenez, «txertoa jaso duten pertsonek infekzioa har dezakete oraindik, eta forma larriak ere izan ditzakete; beraz, prebentzio-neurriak mantentzen segitu behar dute, nahiz eta infekzio-arriskua txertoa jaso ez dutenena baino askoz ttikiagoa izan».

«Txertoa jaso duten pertsonek infekzioa har dezakete oraindik, beraz, prebentzio-neurriak mantentzen segitu behar dute»

Txertaketa kanpaina, nahi baino mantsoago izanik ere, «txertoak Nafarroan eraginkortasun eta inpaktu handia duela berretsi da». Ondorioz, SARS-CoV-2k eragindako transmisioak, ospitaleratzeak eta heriotzak murrizten ari dira. Nafarroan, lehen aldiz jaitsi da aldaera britainiarreko kasuen kopurua, eta horrek erakusten du prebentzio-neurriak ere eraginkorrak direla aldaera horren aurrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun