Suak ez duela mugetaz ulertzen eta mugaz gaindiko politika bateratuak eskatu dituzte alkateek

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 13a, 17:03

Bera, Lesaka, Urruña, Azkaine, Biriatu, Ziburu eta Sarako udal hautetsiak elizako eskaileretan, prentsaurrea eman baino lehen.

Bera, Lesaka, Urruña, Azkaine, Biriatu, Ziburu eta Sarako udal hautetsiek agerraldia egin dute Berako Herriko Etxean

Hiru aste joan dira Bidasoaren bi aldetara sute larria izan zenetik eta Bera, Lesaka, Azkaine, Urruña, Biriatu, Ziburu eta Sarako alkate eta zinegotziek agerraldia egin dute gaur 16:00etan Berako Herriko Etxean. Ordu horretan hastekoa zen deitua zuten manifestazioak, baina Espainiako Gobernuko ordezkaritzak ezarritako gehieneko edukiera 400 lagunera mugatu zuen eta hori betetzea ezinezkoa izanen zelakoan, bertan behera utzi behar izan zuten deialdia. Gaurko agerraldian, Aitor Elexpuru Berako alkatea, Ladis Satrustegi Lesakako alkatea, Battit Laborde Sarako alkatea, Philippe Aramendi Urruñako alkatea, Eneko Aldana Ziburuko alkatea, Solange Demarcq-Egiguren Biriatuko alkatea eta Thierry Talazac Azkaingo zinegotzia izan dira.

Hautetsiek euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez aipatu dutenez, «hiru aste gure mendiak sutan izan zirenetik. Ia 2.000 hektarea erre ditu suak. 2.000 futbol zelai bezain bertzeko lur eremua. Kalteak handiak izan dira, bai ekologikoak, baita ekonomikoak ere. Herri lurrak izan dira kaltetuak, baso eta larreak, baita lur pribatuak ere. Hainbat abeltzain ere kaltetuak izan dira. Suteak gure herriak “ukitu” eta “hunkitu” ditu eta herri gisa elkartu nahi izan dugu, aldarrikapen batzuen inguruan».

 

«Hau sortu duenak nolabait ordaindu beharko du»

Alde batetik erantzunkizunak eskatu nahi dituzte. Izan ere «sutea nahita piztua eta eragina izan zela pentsatzen dugu, Baionako prokuradoreak, Foruzaingoak eta Ertzaintzak ere hala adierazi dute. Uste dugu mina eta kaltea eragiteko piztu zela sua. Eta ez diogu bertze interes izkuturik ikusten. Honetan azpimarratu egin nahiko genuke. Hau sortu duenak edo dutenek, nolabait ordaindu egin beharko dute».

 

Eskertza suhiltzaileei, babes zibilari, norbanakoei: «Ordu batzuetan bizitzak salbatzeaz ere solastatu genuen, pentsa!»

Nola ez, egun horietan sua itzaltzen ibili ziren suhiltzaileak eskertu nahi izan dituzte: «Suhiltzaile profesionalak, baita gure suhiltzaile boluntarioak ere. Gureak eta bertze herrietatik etorri zirenak. Babes zibila ere eskertu nahi dugu larrialdietan egiten duten lanagatik. Pentsatzen dugu larrialdietan babesten eta zaintzen gaituzten erakunde hauek, diru publikoz laguntzen jarraitu beharra dagoela, eta beraien eskaerak kontutan izan beharko genituzkela», aipatu dute.

Mendira laguntzera joan ziren norbanakoak, eta nola ez, isil-isilik janaria eta ura banatzen ibili ziren herritar guztiak ere gogoratu dituzte. «Larrialdia zein tamainakoa izan zen ezin dugu ahantzi. Bizitzak salbatzeaz solastatu genuen ordu batzuetan, pentsa. Sua kontrolez kanpo egon zen ordu batzuetan. Sutearen ondorengo egunetan izan den elkartasun uholdea izugarria izan da. Elkartasun guzti hori ere eskertu nahi dugu, bertze behin ere, eredugarria izan da herritarren erantzuna».

Alkate eta hautetsiak, Berako Herriko Etxean emandako agerraldian.

«Gure herriak eta natur ondarea babestu nahi ditugu»

Gure herriak eta natur ondarea babestu nahi dituztela ere azpimarratu dute: «Ingurugiro eder, aberats eta pribilegiatu batean bizi gara eta bizitzen jarraitu nahiko genuke. Badakigu azken hamarkadetan gure herrietako egoera sozio ekonomikoa aldatzen joan dela. Baina gure ingurua eta paisaia hain eder mantentzeko, badakigu zeinen garrantzitsuak diren iharduera batzuk, eta horiek sustatzen eta babesten jarraitu beharko da. Laborariez ari gara, abeltzainez eta abar.... Mendiek eta herri lurrek hainbat erabiltzaile badituzte: laborariak, abeltzainak, kirolariak, ehiztariak, egur ustiatzaileak eta abar». Denentzako tokia badela uste dute, «eta denen partetik jarri beharko dugu mendiaren erabilera jasangarri, orekatu eta errespetuzko bat bermatzeko. Herri lurren kudeaketa nola hobetu aztertu beharko da, erabiltzaile guztien adostasunakin, inor kanpoan edo “desplazatua” gelditu ez dadin».

 

Kalteei aurre egiteko garaia

Orain, kalteei aurre egiteko garaia da. Nafarroako kasuan, suteak hondatutako zuhaitzen basoberritze lanak osorik bere gain hartuko ditu Nafarroako Gobernuak. Abeltzaintza-azpiegituretarako laguntza-lerro bat aurreikusi da eta animaliak galtzeak eragindako kalteak konpentsatzeko modua ere aztertzen ari dira. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia, berriz, ukitutako eremua lehengoratzeko lanez arduratuko da, baina udaberrira arte esperatu beharko da landaredia birsortzeko gaitasuna egiaztatzeko, eta, baloratu ondotik, beharrezko lehengoratze-proiektuak eginen dira. Oraingoz, lehenengo landaketa lanak hasiko dira, eta landaketa gazteenak egin diren eta lehengoratzea zaila izanen den eremuetan landatuko dira.

 

«Beharrezkoa ikusten dugu mugaz gaindiko politika bateratuak aitzinera eramatea»

Hainbat administrazioren menpe dago zapaltzen dugun Euskal Herriko gure lur eremu hau, alde batetik bi estatuak, eta mugaz alde honetara bi erkidego desberdin. Paradoxikoki suak ez du mugetaz ulertzen, eta harat honata ibili da aitzinean zuen guztia suntsitzen. Horregatik beharrezko ikusten dugu mugaz gaindiko mendi eta herri lurren politika bateratuak aitzinera eramatea. Badugu elkarrengandik zer ikasi, eta elkarrekin norabide berdinean lan egitea onuragarria izanen da denontzat. Modu demokratiko batean egin nahiko genuke bide hau. Mendiaren erabiltzaile guztiak adituz, eta akordio eta adostasunetara iritsiz. Hemen gauden herrietako auzapezek horren alde egiteko konpromezua hartzen dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun