N-121-A

N-121-A errepidearen aurreproiektuak Bera inguruan izanen dituen xehetasunei alegazioak egiteko epea ireki dute

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 10a, 18:00

Martxoaren 23ra arte aurreproiektuaren proposamena dago mahai gainean eta, bitarte honetan, alegazioak eta ekarpenak egin daitezke. Aurreproiektu horren xehetasunei buruz hitz egiteko, Berako Udalak bilera informatiboa deitua zuen astearte arratsaldean Berako Kultur Etxean eta hogei bat pertsona elkartu ziren.

Nafarroako Gobernuak N-121-A errepidean egin nahi duen 2+1 proiektuaren inguruko bilera informatiboa egin zuten asteartean Beran. Aitor Elexpuruk Berako alkateak adierazi zuenez «aldaketarik handiena Alkaiagako bidegurutzean, eta Zalainen eginen den biribilgunea» izanen dira.

Zalain industrialdean, Verkol zenaren parean, biribilgune bat egitea aurreikusi dute.

Alkaiaga eta Berako harrobiaren artean, oraingo biribilgune zatitua biribilgune oso bat bilakatuko litzateke. Biribilgune oso honek bi funtzio izanen lituzke: alde batetik, noranzkoaren aldaketa erraztea eta, bertzetik, trafikoaren abiadura moteltzea. Gainerakoan, Beratik Iruñea aldera ateratzeko, oraingo sistema aldatuko litzateke eta errepidearen bi noranzkoetako erreiak gurutzatu beharrean, bi fasetan banatuko litzateke sarbidea: lehenik errei bakarra gurutzatu (Irun aldera doana) erdian eginen duten errei berri bateraino eta behin erdiko errei horretan egonik, aukera dagoenean sartu eskuinera Iruñea aldera hartzeko.

 

Alegazioak egiteko aukera

Berako alkatearen iritziz, proiektuaren proposamen berriak ez ditu N-121-A errepideak dituen puntu arriskutsu guztiak kontuan hartzen «Nabasturengo zentrala dagoen eremua, gure iritzirako, aunitz hobetu behar da. Han sortzen den inbutuak berdin segitzen baitu proposamen berrian». 

Oraingoa «bilera informatiboa» izan da eta «proiektuaren inguruko informazio gehiago nahi duenak udalera hurbiltzeko aukera du». 

Azkenik, proposamenean «hainbat gabezia» ikusten dituztela adierazi dute Berako eta Lesakako udalek eta, honen aitzinean, bi udalek Nafarroako Gobernura «alegazioak» bidaliko dituztela iragarri dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun