Lesakako 1.326 etxebizitzetatik ia %10 guztiz hutsik daude

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 3a, 18:00
Ladis Satrustegi, Garazi Conde eta Eneko Larrarte, asteleheneko aurkezpenean.

Martxoaren 1ean egin zuten Harriondoa Kultur Etxean Lesakako etxebizitzari buruzko ikerketaren lehen emaitzen aurkezpena. Hainbat datu eta azalpen eman zituzten, baina horietako bat aipatzekotan, herrian dauden 1.326 etxebizitzetatik 131, kasik %10a, guztiz hutsak daudela.

Joan den abendutik, Lesakako etxebizitzaren egoera aztertzeko ikerketa egiten ari da udala, gaur egun etxebizitzaren egoera zertan den eta herritarren beharrak zein diren aztertzeko. Etxebila Ikerketaren baitan bi atal nagusi landu dituzte, alde batetik herriko etxebizitzen erregistroa, eta bertze aldetik herritarren beharren analisia. Beharrak ikertzeko inkesta bat zabaldu zuten urtarrilean, eta herritarren 192 erantzun jaso zituzten. Hortaz gain, bertzelako entitate eta adituekin ere aztertu dituzte beharrak, eta emaitzak jaso eta antolatzen ari dira orain, ondorioak atera ahal izateko.

Aurkezpena martxoaren 1ean

Emaitzen zein ondorio nagusi batzuen berri emateko martxoaren 1ean, astelehen arratsaldean Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan aurkezpena egin zuten. Aurkezpen honen helburua Lesakako etxebizitzaren egoera zein den azaldu eta ikerketaren lehen emaitza eta ondorioen berri ematea zen. Ladis Satrustegi alkateak ireki zuen hitzaldia, ikerketa hasteko arrazoiak eta udalaren ikuspegia emanez. Ondotik, Eneko Larrarte, Nafarroako Gobernuko etxebizitza saileko zuzendariaren txanda izan zen, eta Nafarroako egoera orokorraren berri eman zuen, eta egun martxan dauden proiektu eta politikei buruz ere artu zen. Azkenik, Garazi Condek orain arte ikerketaren emaitzen eta ateratzen ari den ondorioen berri eman zuen.

Alde batetik, eskaintza aztertzeko etxeen erregistroa egin dute ikerketan eta eskaria zenbatekoa den ezagutzeko, adituekin kontsulta, inkesta eta elkarrizketak erabili dituzte. Neurketa hionen arabera, Lesakan osotara 1.326 etxebizitza daude eta horietatik 131, kasik %10a guztiz hutsak daude. Garazi Condek aipatu zuenez, «ez dugu zerekin erkatu, baina erran dezakegu 131 etxe huts horiekin badugula haunditu eta etxebizitza behar batzuei behintzat irtenbidea emateko aukera. Etxe hutsen gaian orokorrean gutti aztertutako gaia da eta ez dago datu nahikorik horien inguruan. Azkenik, datu hauek azken urteetako bizitza estilo aldaketaren ispilu dira, batez ere baserriak hustutzen joatea».

Inkesta erantzun dutenen 192 lagunetatik 162k ohiko bizilekua Lesakan dute. Horietatik 90 (%55,56) bere etxearen jabe da, 36 (%22,22) gurasoen etxean bizi da, 23 (%14,2) alokairuan eta 13 (%8) familiabo baten etxean bizi da. Inkestatuen %94,4 emantzipatu nahiko luke baldintza egokietan. Emantzipatuko ez liratekeen guztiak 25 urtez azpikoak dira.

Lesakan, alokairuaren prezioaren bana bertzekoa hilean 424 eurokoa den bitartean, gurasoen etxean bizi diren gehienek hilean 201-300 euroko aurrekontua izanen lukete errentarako. Beraz, oraindik gurasoen etxean bizi diren gazteek emantzipatu nahiko lukete, baina egoera ekonomikoak eta aukera faltak eragiten du gurasoen etxean gelditzea. %80 baino gehiagok Lesakan bizi nahiko luke etorkizunean. Alokairuan bizi diren maizterren artean, bana bertze soldataren %32,17 bideratzen du hileko alokairura. Etxebizitza jabetzan dutenen artean, %90 hipoteka bidez ordaintzea erabaki zuen eta oraindik mailegua ordaintzen segitzen dute gehienek (83tik 59). Kanpoan bizi direnen artean, berriz hirutik bat Lesakara itzuliko litzateke etxebizitza merkatuko balitz.

Laburbilduz, inkesta erantzun dutenen artean, ia %80ak uste du gaur egun Lesakako etxebizitzaren egoera kezkagarria dela eta %95,3ak uste du etorkizunean egoera kezkagarria izanen dela edo izan daitekeela. Kopuru horrek berak uste du Lesakako udalak neurriak hartu beharko lituzkeela eta %92,2ak Nafarroako Gobernuak hartu beharko lituzkeela neurriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun