Nafarroako sokatira txapelketa mistoa ere Beti Gaztek irabazi du

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 1a, 08:03

Lesakako zortzikotea nagusitasunez gailendu zitzaien Txantrea, Antsoain eta Berriozarri

Astebete lehenago gizonezkoen eta emakumezkoen Nafarroako sokatira txapelketak irabazi ondotik, larunbat honetan bertze horrenbertze egin zuen Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak Nafarroako txapelketa mistoan ere, berriz ere Lesakako udal pilotalekuan. Lesakako zortzikoteak nagusitasunez irabazi zituen tiraldi guztiak eta, honela, Nafarroako txapel guztien jabe egin zen.

Gizonezkoen eta emakumezkoen gertatu zen bezala, Txantrea izan zen lesakarren arerio nagusiak. Larunbat arratsaldeko lehen tiraldiak bi talde hauen artekoak izan ziren eta lan ona eginez, Beti Gaztek bereganatu zituen. Antsoain eta Berriozarren kontrako tiraldiak errazago bereganatu zituen Beti Gaztek, txapela janzteko. Zortzikote txapeldunean, Beñardo Iantzi, Amaia Leiza, Udane Arbelaitz, Irantzu Goienetxe, Beñat Ordoki, Iñigo Altzugarai, Eneko Saldias eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena erakusle eta Ainhoa Ubiria laguntzaile zituztela.

Txantreak ere, Beti Gazteren kontrakoak izan ezik, bertze tiraldi guztiak irabazi zituen, bigarren postua eskuratzeko. Beharbada lehiarik handiena hirugarren postua lortzeko izan zuten Berriozar eta Antsoainek eta azkenean, Antsoain nagusitu zen.

Martxoan Euskal Herriko txapelketa

Nafarroako txapelak banatu ondotik, Euskal Herriko txapelketari ekinen diote Beti Gazteko tiralariek. Txapelketa osoa martxoan jokatuko dute Getxoko Fadura pilotalekuan, Bizkaian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun