Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa osoa Getxon jokatuko dute martxoan

Beti Gazteko sokatira talde mistoa ere lehiatuko da aurten.

Lesakako Beti Gaztek kategoria eta pisu guztietan aurkeztuko du taldea

Euskadiko Herri Kirol Federazioak jakinarazi duenez, 2021eko goma gaineko sokatira txapelketa osoa martxoan jokatuko da. Ohikoa baino laburragoa izanen da, pisu bakoitzeko egun bakarra eta sei jardunaldiak Getxoko Fadura pilotalekuan jokatuko dira ateak itxita, ikuslerik gabe. Lesakako Beti Gazte izanen da kategoria eta pisu guztietan zortzikotea aurkeztuko duen talde bakarra. Larunbatetako jardunaldiak 17:00etan hasiko dira (pisaketak 14:00etatik 15:30era) eta igandetakoak 11:30ean (pisaketak 08:30etik 10:00etara).

Txapelketa martxoaren 6an hasiko da. Emakumezkoak 540 kilotan (Beti Gazte, Badaiotz eta Ibarra) eta gizonezkoak 680 kilotan (Beti Gazte, Ñapurrak, Murueta eta Ibarra) ariko dira.

Martxoaren 7an gizonezkoen 640 kilokoa jokatuko da (Beti Gazte, Ñapurrak, Txantrea, Murueta eta Ibarra).

Martxoaren 13an emakumezkoak 500 kilokoan ariko dira. Lesakarrekin batera, Txantrea, Badaiotz, Berriozar, Antsoain eta Ibarra lehiatuko dira.

Martxoaren 20an gizonezkoen 600 kiloko txapela erabakiko da Beti Gazte, Ñapurrak, Txantrea, Berriozar eta Ibarraren artean.

Martxoaren 27an txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian. Beti Gazte, Txantrea, Berriozar, Antsoain eta Ibarrako neska-mutilak ariko dira.

Martxoaren 28an, azkenik, gizonezkoak pisu arinenean ariko dira, 560 kilotan. Beti Gaztek, Txantreak eta Antsoainek bakarrik aurkeztuko dute zortzikotea.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun