Lesakako Udalak etxebizitza hutsak alokairura bideratzea sustatuko du Nafarroako Gobernuarekin zinpetutako lankidetza hitzarmenari esker

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 18a, 09:00
Atzo goizean Jose MÂȘ Aierdi kontseilariak, Ladis Satrustegi Lesakako alkateak, Alberto Bayona Nasuvinsako gerenteak eta Lesakako ikerketa egin duen Garazi Condek egin zuten bileran.

Herrian alokairurako etxebizitzen eskaerari erantzun ahal izateko Nafarroako Gobernuak erabilerarik gabeko etxeak atzemateko zerbitzua eta formazioa eskainiko die udal langileei

Nafarroako Gobernuak Lesakako Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu zuen atzo. Bertan, Lesakako herria Nasuvinsako Alokairuko Poltsara gehitu da etxebizitza hutsak errentamendura bideratzeko, eta hala herrian dagoen alokairurako eskaerari erantzuna eman ahal izateko. Horretarako, Nafarroako Gobernuak aholkularitza eta formazioa eskainiko die udal langileei erabilerarik gabeko etxeak atzeman eta zerbitzu hori nola eman gauzatzeko.

Hitzarmena atzo goizean sinatu zuten Jose Maria Aierdi, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilari eta bigarren lehendakariordeak eta Ladis Satrustegi, Lesakako alkateak. Gainera, ekitaldian izan ziren Alberto Bayona, Nasuvinsako kudeatzailea eta Garazi Conde, Lesakako udaleko teknikaria.  

Lankidetza akordioak jasotzen duen moduan, Lesakako Udalak konpromisoa hartuko du Alokairuen Poltsa programari buruzko informazioa emateko bizilagunei, etxeak mugiarazi eta errentamenduko eskaerari erantzun ahal izateko. 

Abantailak eta bermeak

Nafarroako Gobernuak 2016an zabaldu zuen Alokairuen Poltsa programa Foru Komunitateko lurralde guztira, ordura arte Iruñerriko eta Tuterako udalerrietan baino ez baitzen aritzen. Azken bortz urte hauetan, Nafarroako hainbat eskualdetako hamabost bat udalek bat egin dute lan-poltsarekin, Foru Gobernuarekin lankidetzan aritzeko etxebizitza hutsen mobilizazio-politikan, babestutako alokairuaren eskaintza zabaltzeko eta, aldi berean, jabeei segurtasuna eta bermeak eskaintzeko.

Azpimarratzekoa da etxebizitza hutsak alokairu-poltsari atxikitzeak bermatzen duela jabeari errenta unean-unean kobratzea, etxebizitza mantentzea eta egoera onean itzultzea.

Gainera, azken lau urte hauetan programa hau suspertzeko eta gaur egun indarrean dagoen programa bultzatzeko sartu diren berrikuntza nagusien artean, honako hauek azpimarra daitezke: 1.500 euroko diru-laguntza aitzindua eta itzuli beharrik gabekoa ematea edo hiru hilekoren baliokidea, lortutako etekinen zerga-desgrabazioak, etxebizitzen jabeek jasotako errentaren gehikuntza (baita Nasuvinsak hilean 50 euro arte ordaintzen dituen komunitate-gastuak ere), bizigarritasuna hobetzeko kudeaketa sinplifikatzea (eraginkortasun energetikoa eta konponketak), etxebizitza alokairura egokitzeko birgaitze-gastuak interesik gabe finantzatzea (12.000 euro arte) edo energia-eraginkortasunaren ziurtagiria ematea sozietate publiko horren kontura, bertzeak bertze.

Lesakarekin batera, Zarrakaztelu, Viana, Tafalla, Leitza, Lekunberri, Burgi, Oibar, Bera, Berriozarko, Burlata, Antsoain, Tutera, Barañain, Zangoza, Agoitz, Lizarra, Baztan, Murelu, Beriain eta Goizueta herriek parte hartzen dute.

Nasuvinsak kudeatzen duen Alokairuen Poltsak %63ko igoera izan du azken bortz urteetan, 800 etxebizitza ingururekin. Kokapen geografikoari dagokionez, hamar pisuetatik 8 baino gehiago Iruñerrian daude, zehazki 640 (%82), Erriberan 66 (%8), Lizarran 32 (%4) eta Pirinioetan 26 (%3).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun