Galder Perezek idatzi eta Olatz Gorrotxategik zuzendutako antzezlanean Gaizka Chamizok, Jon Koldo Vazquezek eta Pelayo Serranok betetzen dituzte aktore lanak. Joseba B Lenoir musikari beratarrak musika zuzenean joko du.
Sinopsia
Hiru marikaren arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala da Lurrun minez. Hiruki arrosa. Daviden Erreinua izeneko gizonezkoen sauna batean gertatuko da ezusteko topaketa. Ustez anonimatuan gertatzen den sexu trukerako espazioa izanen da hirurentzako elkargunea.
Alexek, 30 urte ingurukoak, bertan lan egiten du. Bere buruari Mari Matraka Erregina deitzen dio. Oskarrek 44 urte inguru dituen institutuko irakaslea da, saunako ohiko bisitaria da. Jesusek 19 urte ditu eta lehengoz joanen da gay sauna batera.
Eguberri bezperan itxita egon behar luke saunak, baina Alexek bere kabuz irekitzea erabaki du, opari ederren bat jasotzeko esperantzaz. Beste pertsonaiak iritsi ahala, lurrun artean ezin ikus daitezkeen hariak argitara azaltzen joanen dira, askatzeko zaila izanen den lokarria sortu arte.
Parranda orgiastikoa izan nahi du gauak. Baina dibertimendu eta libertimenduan bizirauteko ospakizunak, kontraesanek, gezurrek eta minek bustitako lurrun gaua izaten bukatuko du. Izan ere, gorputzek jaia eta politika egin nahi badute ere, herentzia pisutsua jasaten dute oraindik, benetako borondate askeak zapuzten dituen herentzia soziala.
Desirak eta beldurrak, alkohola eta pasioa, ezinegona eta nahiak, izerdia eta lurruna, beldurrak eta beharrak, lumak, gorputzak eta arimak nahastuko dituen koktela izanen da Eguberri bezpera hau.