GARAZI CONDE

«Herritarren iritziak eta beharrak zeintzuk diren argitzea dugu helburu»

Ruben Oskariz 2021ko urt. 22a, 20:00
Garazi Conde ari da Lesakako etxebizitzaren egoerari buruzko azterketa egiten.

Garazi Conde, Lesakako etxebizitzaren egoeraren azterlea

Etxebila izeneko ikerketarekin Lesakako etxebizitzaren egoera aztertu nahi du, herritarren arazo, behar eta kezkei konponbide bat emateko.

Zein helbururekin hasi zen Etxebila ikerketa?

Abenduaren hasieran hasi zen ikerketa, Lesakako Udalean herriko etxebizitzaren egoeraren kezka zegoelako. Helburua alde batetik herriko etxe hutsen errolda egitea zen, eta bestetik jendearen beharrak zeintzuk ziren argitzea.

Zer lortu nahi duzue martxan jarri duzuen inkestarekin?

Herritarren iritziak biltzea eta haien behar zehatzak zeintzuk diren argitzea. 80 etxe huts egotea ez da problema etxea behar duten 20 pertsona baldin badaude, baina bai 200 pertsona baldin badaude. Inkesta ikerketaren lehenengo fasea da, helburua arazo nagusiak identifikatzea eta argazki orokor bat egitea duena. Gerora arazoei irtenbide bat eman ahal izateko oinarriak jarriko dituen argazkia, hain zuzen.

«Gero eta iritzi gehiago, emaitza errealistagoak izanen ditugu»

Zeintzuk dira inkesta egiteko kontuan hartutako faktoreak?

Alde batetik informazio pertsonala eskatzen da estatistiketarako; adina, jaioterria… Eta bertzalde norberaren etxebizitzaren egoera, hau da, non bizi diren, zenbat jenderekin, jabetzan edo alokairuan…Erantzunen arabera atal desberdinak daude; gurasoen etxean bizi direnak, alokairuan bizi direnak… pertsonalizatuta dago. Maizterrei, hau da, alokairuan bizi direnei, adibidez, nola bizi diren, zenbat ordaintzen duten, ze kontratu duten… Azterketaren hipotesietako bat alokairuaren merkatua Lesakan nahiko gaizki dagoela zen. Etxejabeei zergatik erabaki zuten etxea erostea, nola erosi zuten, ze asmorekin… galdetzen zaie, eta berdina familiako baten etxean bizi direnei.

Bigarren atal bat badu inkestak bigarren etxebizitzen jabeei zuzendua. Honen helburua bigarren etxebizitza hutsik dutenek zergatik hutsik duten identifikatzea da eta zein modutan animatuko ziren alokatzera, adibidez.

Zer nolako garrantzia dauka herritarren parte-hartzeak?

Gero eta iritzi gehiago bildu, emaitza errealistagoak izanen ditugu, eta errealitateari fidelagoa den ikerketa bat egin ahalko dugu. Honek bidea emango digu arazo errealak identifikatu eta soluzioak bilatzen saiatzeko. Interesgarria da noizbehinka herritarron iritzia eskatu eta kontuan hartzea.

Nola parte-hartu dezakete herritarrek?

Inkesta nagusiki modu digitalean betetzea gomendatzen dugu, batez ere erosoagoa delako eta pertsonalizazioa errazten duelako. Esteka Lesakako herriko etxeko web gunean, erran.eus-en eta leku desberdinetan dago. Leku fisikoetan ere jarri dugu paperean egiteko; Izarra okindegian, Ogi Berri kafetegian, Xagu liburu-dendan eta herriko etxean bertan. Hor jaso, etxean bete eta berriz ere puntu horietan entregatzeko dira. Hala ere, nolabait modu digitalean betetzea kostatzen zaienei errazago egiten zaigunek laguntzea nahi dugu. Horrela, ahalik eta jende gehien eta anitzengana ailegatzeko aukera izango dugu eta papera aurreztuko dugu.

«Interesgarria da herritarron iritzia eskatu eta kontuan hartzea»

Nola kudeatuko dituzue lortutako emaitzak?

Datuekin aitzinera begiratzeko soluzioak lortzea dugu helburu. Martxoa hasiera aldera hitzaldi bat egitea aurreikusten ari gara inkestaren ondorio nagusiak azaltzeko eta datu batzuk emateko.

Jarrera ona eta parte-hartzeko gogoa ikusten da?

Jarrera ona ikusten dut batez ere hurbiletik ukitzen dien herritarren artean; emantzipatu nahi duten gazteak, etxe bat erosteko puntuan dagoen jendea eta zailtasunak dituztenak. Hala ere, bertzeak animatu nahiko nituzke inkesta betetzera. Beraien ikuspuntua ere interesgarria da eta ekarpen handia da, nahiz eta gaur egun haiek behar zehatzik ez izan. Erantzuna hagitz ona izaten ari da, lehengo bi egunetan 59 erantzun jaso genituen digitalki eta oraintxe bertan (ilbeltzaren 22ko eguerdian) 145 erantzun digital daude. Momentutik momentura aldatzen ari da. Banatutako eta oraindik jaso gabeko paperezko inkestak ere badira sail bat. Urtarrilaren 27an bukatzen da epea eta ordurako erantzun gehiago espero ditugu. Inkesta egiteko linka

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun