Lesakako Udalak herriko etxebizitzen egoera aztertzeko inkesta paratu du martxan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 13a, 16:00
Lesakako etxebizitza beharren ikuspegi orokor bat izatea da inkestaren helburua, sakondu beharreko puntuak identifikatu eta ikerketaren bigarren zatian hauek garatu ahal izateko.

Urtarrilaren 13tik 27ra digitalki egitea sustatu nahi dute, nahiz eta fisikoki ere egin daitekeen

Lesakan etxebizitzaren egoera aztertzeko ikerketa egiten ari dira, eta Etxebila izeneko ikerketa honen baitan inkesta bat jarri dute herritarren eskura, ikuspuntu, behar eta arazo ezberdinak sakonean aztertu ahal izateko. Inkestaren helburua etxebizitza beharren argazki orokor bat egitea da, sakondu beharreko puntuak identifikatu eta ikerketaren bigarren zatian hauek garatu ahal izateko.

Inkesta bi astez egonen da betetzeko irekia, urtarrilaren 13tik 27ra biak barne, 16 urtetik goitiko herritarrentzat. Bi modutara bete ahal izanen da, modu digitalean zein fisikoki. Digitalki betetzeko ondorengo estekan aurkituko duzue inkesta: https://labur.eus/ETXEBILAinkesta , eta fisikoki berriz Herriko Etxean, Izarra okindegian, Xagu liburu-dendan eta Ogi Berri kafetegietan aurkituko dituzue, bertan jaso, etxean bete eta berriz ere toki horietan uzteko. Hala ere, eta paperaren erabilera gutxitzeko, udalak herritarrak animatu nahi ditu inkesta digitala beraien inguruan zabaltzera, eta batez ere tresna digitalak erabiltzeko zailtasunak dituztenei inkesta betetzen laguntzera.

Inkestari ahalik eta zabalpen handiena eman nahi dio Lesakako udalak, «geroz eta jende gehiagok bete, orduan eta erantzun fidagarri eta interesgarriagoak jasoko ditugulako eta hobe eginen dugulako ikerketa». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun