Aurten ez da Bortzirietako Emakumeen Mendi itzulirik izanen

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 21a, 16:00
Joan den urtean Igantzin egin zuten Bortzirietako Emakumeen Mendi Itzulia.

Martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Horren harira orain dela 12 urte Bortzirietako zenbait emakume mendizale elkartu eta egun horren bueltan Emakume mendizaleen ibilaldia antolatzea erabaki zuten. Lehendabiziko aldi horretan Igantziko, Arantzako eta Berako hamaika emakume Igantzin bildu eta tipi-tapa Unanu, Bianditz eta handik Arritxulora joan eta, han mokadu bat egin ondotik, Igantzira itzuli ziren.

Parte hartzaileen arabera «arras polita eta betegarria izan zen». Horrela, «hurrengo urtean Berako mendizaleek lekukoa hartu» eta geroztik «urtetik urtera gero eta emakume mendizale gehiagok parte hartu dute» egun honetako ibilaldian. Izan ere, «lehendabiziko aldiko hamaika horietatik, bataz bertze, hirurogeitik goiti izatera pasa gara».

Aurten ere Beran elkartu eta mendian ibiltzeko asmoa zuten, baina, bizi dugun osasun egoera dela medio, mendi irteera hurrengo urterako uztea erabaki dute. Beraz, aurten Bortzirietako emakume mendizaleek ez dute mendi ibilaldia antolatuko. Jakitera eman dutenez, «ustez, bederen, zuzenena delakoan hartu dugu erabakia, betiere heldu den urtea hobea izanen delakoan». Azkenik, oharra aldarrikapen hitzez bukatu dute «bitartean segitu ahalduntzen! Garai ilun hauetan ere hartu denbora eta gustuko duzuen horretan jardun! Mendian ibiltzen eta gozatzen jarraitu eta zaindu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun