Txertoak jartzeko Iruñetik lau osasun langile etorri dira eta ordu pare bat behar izan dituzte lanak egiteko. Txertoa hartu eta 30 minutu inguru zaintzapean egon dira izan litezkeen bigarren mailako efektuak identifikatzeko. Bigarren dosia otsailaren 8an emanen diete eta, Amaia Pandok, zahar etxeko arduradunak, adierazi duenez «gogotsu» daude bigarren dosia hartzeko.
Gaur goizean «emozio» handiko momentuak bizi izan dituztela azaldu du Pandok. «Denbora aunitz daramagu txertoaren esperoan» gaineratu du. Izan ere, momentu honetan familiako kideen bisitak soilik hartzen dituzte «aitzinetik ordua erreserbatuz» eta «ordu bateko iraupenarekin». Gainera, bisita hauek «zahar etxean honetarako egokitutako lau geletan» egin behar dituzte, eta betiere, «maskara erabiliz eta osasun neurri guztiak errespetatuz». Modu berean, Covid-19aren hedapena saihesteko hartutako neurrien eraginez «neke emozionala handitu eta osasun emozionala urritu» dela aitortu du zahar etxeko zuzendariak.