Tene Mujika bekako sari bikoitza Bortzirietako hiru egilerentzat izanen da aurten

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko urt. 18a, 14:00

Ezker-eskuin, Estitxu Fernandez, Erika Lagoma eta Jon Abril, aurtengo Tene Mujika bekako saridunak.

Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez lesakarrek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-sorta bat landuko dute eta Jon Abril beratarrak emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat eginen du

Sari bat ez baizik eta bi emanen ditu aurten Tene Mujika sariak. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten proiektu ugari eta maila handikoak aurkeztu ziren; horien guztien artean saria bi lani “ex-aequo” ematea erabaki du Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta Debako Udalak, berriz, saria bitan banatu ordez bikoizteko erabakia hartu du: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat.

Orain urtebeteko epea izanen dute irabazleek nork bere lana burutzeko, eta 2022an liburu gisa plazaratuko ditu biak Elkar argitaletxeak.

Erika Lagoma Pombar (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalar (Lesaka, 1975) eskuz esku arituko dira amatasun disidente eta feministak erakutsi nahi dituzten elkarrizketa-sorta bat ontzeko. Amaren irudi patriarkal estereotipatuaz gaindi, eta superwoman-en amatasun neoliberaletik urruti, egungo sistema zalantzan jarri nahi duten ama izateko modu desberdinak: askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez dietenak. Hamaika bizipen, hamaika praktika, hamaika esperientzia. Eta horien ondoan, beren aitatasuna feminismotik bizi nahi duten bi gizonezkoren kasuak.

Jon Abril Olaetxea (Bera, 1975) kazetari eta kultur dinamizatzailea da proiektu horietako baten egilea, eta Euskal Herrian barna emakumeek izan dituzten lanbideen erakuspen zabal bat eskaini nahi digu, “Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian” proiektuan. Lehendik ere Nafarroatik Lapurdira neskame joaten ziren neskatxen historiaz aritu izan da, eta orain, hari horretatik eta beste askotatik tiraka, antzeko istorio gehiago osatu nahi du, elkarrizketa sakonen eta beste iturri batzuen bidez, guztira hamaika lanbide erakusteko gure geografia osoan barna: meatzariak Gallartan, galletagileak Bilbon, kontserbagileak Ondarroan eta Lodosan, metalurgiakoak Gasteizen, ehungintzakoak Bergaran, zigarrogileak Donostian, portuko langileak Pasaian, paper-fabrikakoak Atarrabian, neskameak Lapurdiko kostan, Seaskako lehenengo irakasleak Iparraldean, espartingileak Zuberoan.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun