Pepito Yanciren «musikaren altxorra» aurkeztu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 21a, 13:00

Xabi Zabala, Mikel Iriarte, Laura Iantzi, Karlos Semper eta Iñaki Dieguez, 'Pepito Yanci, beti bizi' liburuaren aurkezpenean.

Duela bizpahiru aste saltzeko jarri bazuten ere, ‘Pepito Yanci, beti bizi’ audio-liburuaren aurkezpen ofiziala  abenduaren 18an, ortziralean egin zuen Lesakako Musika Bandak Harriondoa Kultur Etxean. Lesakako Musika Bandako kideekin batera, Xabi Zabala musikaria, Iñaki Dieguez soinujolea eta Laura Iantzi, Pepito Yanci zenaren iloba izan ziren ekitaldian. Bere musikaren altxorra jendartean ezagutzera ematea da liburuaren helburua eta soinularientzat «erreferente» ez ezik «maisu eta erregea» denaren musika ez galtzea.

Mikel Iriarte: «Harro sentitzeko proiektua da»

Mikel Iriarte, Lesakako Musika Bandako zuzendariak aipatu zuenez, «liburu hau hiru urtetako lan berezia izan da. Hasieran, 2016. urteko abenduan izan zen honetaz aritu ginen lehenbiziko eguna eta errudun nagusia hemen dugu, Xabi Zabala musikaria. Berak aipatu zigun Lesakan Pepito Yancirekin zerbait egitea derrigorrezkoa zela. Egia erran, ni lesakarra eta musikaria izanik ere, ezezaguna nuen Pepito, aditua bai, baina ez nuen egitan ezagutzen bere lana. Poliki-poliki hasi ginen hausnartzen, Ziobiko etxean izan ginen eta han topatu genuen izugarrizko altxorra, Pepito Yanciren 500 partitura baino gehiago zituen maleta, Los Xey garaiko arropak… horrekin abiatu ginen, 2017an, Yanciren jaiotzaren mendeurrenean kontzertuak eskaini genituen Lesakan, Iruñean eta Donostian, erakusketa ere egin genuen bere argazkiekin… Uste genuen horretan geldituko zela, baina 2017an, Iñaki Dieguez soinujoleak aipatu zigun aurkitutako altxor horrekin ere zerbait egin behar zela eta hitzez hitz erran zigun, “zuek ez baduzue egiten, nik eginen dut”. Antxon Gisasola bere ikasleak ere Yanciren partitura pila bat zuen etxean eta denen artean, audio-liburu hau osatu dugu, Pepitoren obra guztia biltzen duena. Ez dakit musikarientzat edo lesakarrentzat liburu bat den, denentzat izatea nahi genuke. Baditu bere argazki batzuk ere, baina egia da partiturak hartzen dutela leku gehiena. Hori nahi genuen, partitura horiek ez galtzea. Hori da Lesakako bandak egin duen aportazioa eta harro sentitzeko proiektua izan da».

 

Xabi Zabala: «Altxorrak partekatzeko dira»

Xabi Zabala musikariak Yancik utzitako ondarea «egiazko altxorra» dela eta «altxorrak partekatzeko» direla azpimarratu zuen. Ildo honetan, duela hiru urte egindako kontzertuen eta audio-liburu honen ondotik, trilogia osatzeko, datorren urtean Pepito Yanciren doinuak musika banda eta akordeoi soinu formatuan CDa karrikaratzeko asmoa ere azaldu zuen. Lesakako Musika Bandarekin izandako lehen elkarretaratzeak ere gogoratu zituen Zabalak eta 2016ko abenduan egindako bazkari batean ohartu zirela hurrengo urtean Pepito Yanciren jaiotzaren mendeurrena beteko zela. «Lesakako herriak Pepitorekin betebehar morala zuela» izan zen nik erabili nuen esaldia, «akordeoi eta trikitixa munduan lehenbiziko erreferentea Pepito Yanci zelako guretzat, jainkoa: zenbat jota, zenbat pasacalle zor dizkiogu», aipatu zuen. Mendeurreneko ekitaldiak egin ziren orduan eta hurrengoa izan zen liburuarena. Iñaki Dieguezek bere piezak jo zituen, USBan grabatu… izugarrizko lana dago hor ere, 380 pieza inguru. Oso pozik gaude Pepitoren lana eta pertsonajea, hemendik aurrera, liburu honetan, etxeetan eta musika eskoletan bildua izango delako. Nafarroan asentatua daukazue soinua, baina Gipuzkoan eta Bizkaian orain dela urte batzuk arte nahiko galdua zegoen. Heldu den udaberri aldera CDa ateratzeko asmoa dugu, musika bandarekin eta soinujole ezagunekin, azken moldaketak bukatuak ditugu eta grabatzea falta da».

Izan ere, Pepito Yanci fandango eta arin-arinekin lotzen bada ere, Zabalaren erranetan «vals oso polit bat topatu dugu, ‘Caprichos del viento’, ‘Zezenak’ pasodoblea… horiek diskan sartuko ditugu. Piezetako batzuk ineditoak dira».

 

Iñaki Dieguez: «Soinujoleontzat maisua eta erregea da Pepito Yanci»

Iñaki Dieguez akordeolari ezagunak musika jarri dio Yanciren hirurehun pieza baino gehiagori eta liburuarekin batera banatzen den USBan bildu ditu. Bere erranetan, «plazer handia izan da proiektu honetan parte hartzea soinujoleontzat Yanci maisua edo erregea delako. Egia esateko, proiektu honekin duela 20-25 urte hasi nintzen, beti nuen burutan Yanciri buruzko lan bat egitea, baina partiturak falta nituen… baziren  batzuk baina betikoak, hogei bat… eta honara etorri eta 500 pieza! Izugarrizko deskubrimentua izan zen. Haiek hartu, etxera joan eta grabatzen hasi nintzen, bata bestearen ondotik, ia 400 egin arte. Tendiniti baten ondotik bukatu nuen lana».

Liburu hau, denentzat, baina batez ere umeentzat edo akordeoiaren etorkizunarentzat egokia dela uste du Dieguezen, «gaur egun akordeoilariek ez dutelako erreferenterik, lehenago bai: Pepito Yanci, Enrike Zelaia, Tito Ugarte… baina gaur egun gutxik jotzen dugu, eta ez dago horrelako erreferenterik. Nere kontzertu guztietan jotzen dut Yanciren piezaren bat. Duela hiru urte Cuencan eman nuen emanaldi baten ondotik, Yanciren kantuak ezagunak zituztela aipatu zidaten entzuleek, ez da hemen bakarrik ezaguna, Espainia osoan erreferente bat da. Errusia edo Eskandinabiako soinujoleak hartzen ditugu eredutzat, baina Lesakatik mugitu gabe badugu eredua».

 

«Sormenerako grina eta kapazidade handia zuen»

Urtetan akordeoi irakasle izan zen Yanci eta Antton Gisasola eta bertze ikasle aunitzek kontatutako bitxikeria ere aipatu zuen Zabalak: «Klasea bukatutakoan, etxerako lana jartzen zien pieza, orduan ez zen fotokopiadorarik, ezta internetik ere noski, momentu berean hartu eta idazten zuen abestiaren partitura paperean, horrek bere genio izaera ere isladatzen du, sormenerako zuen grina eta kapazidadea».

Duela hiru aste hasi ziren liburua saltzen eta, Mikel Iriartek aipatu zuenez,  harrera ona izan du, «bai Lesakan, baita Gipuzkoaldean batez ere, baina izan ditugu eskariak Valladolidetik, Soriatik, Mallorcatik… Valladolidekoak aipatu zigun berak akordeoia distantzian CCC bidez ikasi zuela eta Pepito Yanci izan zuela irakasleetako bat. Txakain piezaren partitura nahi zuela idatzi zigun, berez ez dago liburuan eta, idatzi eta bidali diogu.

Laura Iantzi, Pepito Yanci zenaren senideak ere eskerrak eman zizkien musikariei egindako lanagatik. 2006an Lesakako udalak emandako beka bati esker, Lesakako musikarien 180 bat partitura ere bildu zirela gogoratu zuen. Lesakako banda animatu zuen bertze lan bati ekiteko: «Pepito Yanciri zor zitzaion omenaldi hau ez ezik, Santiago Irigoien, Aldabe, Albistur, Beñardo Yanci eta bertze hainbat konposatzaile daude herrian, sekulako altxorra daukagu Lesakan konposizio mailan eta ongi legoke beraien piezak hartu, ezagutzera ematea eta beraien tokian jartzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun