Pepito Yanciren musika audio-liburu batean bildu du Lesakako Musika bandak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 26a, 14:00

Pepito Yanci 'Aizali' akordeoilaria.

Iñaki Dieguez soinulariaren laguntzaz bere doinuak USB batean grabatu dituzte eta partiturak eta biografia liburuan idatzi

 

Pepe Yanci lesakarra, soinularien eta trikitilarien erreferentzi nagusietariko bat izan da Euskal Herrian. Hori dela eta 2017. urtean bere herriko Musika Bandak omenaldi berezia eskaini zion Lesakan, Donostiako Victoria Eugenia eta Iruñeko Gaiarre antzokietan. Bertan, bere musikarekin batera bere bizia ere ikusgai jarri zuten.

Bere jaiotetxean aurkitutako maletatxo batean hainbat partitura eta dokumentu aurkitu zituzten. Hori dela eta, amets eta proiektu zoragarri bat burura etorri zitzaien musika bandako kideei, hau da, bere musika eta konposizio ezagunenak audio bidez mundu guziari ezagutaraztea eta aldi berean bere obra partituraz osatutako liburu baten bidez soinulari eta trikitilari guztieri zabaltzea. Bai audioak baita partiturak ere USB batean txertatu dituzte eta hauek grabatzeko gaur egun munduan ezaguna den Iñaki Dieguez soinulariaren laguntza izan dute. Berekin batera, Xabi Zabala, Antxon Gisasola eta Lesakako Musika Bandako kideak aritu dira lan berezi honetan buru-belarri.

Audio-liburua abudo jarriko dute salgai Telletxea liburudendan (25 euro). Postaz bidaltzeko aukera ere eskaintzen du Musika Bandak. Kasu horretan, liburu baten prezioa 33 euro izanen da (bidalketa kostoak barne), bi libururena 58 euro eta bi liburu baino gehiago duenak, pepitoyanci@gmail.com helbide elektronikora bidali eta aurrekontua eginen diote.

 

Pepito Yanciren biografia

Jose Manuel Yanci Álvarez, Pepito Yanci «Aizali» (Lesaka, Nafarroa, 1917ko urtarrilaren 1a – Donostia, Gipuzkoa, 1985eko abenduaren 26a). Musikari, akordeoilari, konpositore eta bertsogile lesakarra izan zen, Paulo Yanci Petrikorena (1882-1955) bertsogile eta bertsolariaren semea.

Haurra zenetik erakutsi zuen musikarako maitasun eta gaitasuna klarinetea eta pianoarekin hasiz, nahiz eta akordeoia zuen tresnarik kuttunena. Azkenik aitak Larrinaga-Guerrini bat erosi zion semeari eta geroztik Pepitok ez zuen instrumentu hura gibelean utziko.

Modesto Irisarri etxalartarrarekin eman zituen lehen pausoak soinuaren munduan eta poliki-poliki Bidasoaldean famatzen hasi zen, irratian egiten zituen emanaldiengatik, baita herriz herri, bestaz besta ibiltzen zelako ere. Laster Los Xey talde arrakastatsuan sartu zen soinulari eta haiekin batera jo zuen Euskal Herrian, Espainiako hiri nagusietan eta Ameriketan hamar urtez, Mexikon batez ere, baina baita Kuban, Argentinan, Perun, New Yorken, Txilen, Brasilen, Venezuelan ere… Buenos Airesen egindako akordeoi txapelketa bat irabazi ondotik, Munduko akordeoijole onenatzat jo zuten. Los Xey taldeak zeukan famaren erakusgarri, Mexikon zortzi filmetan eta Espainian bertze bortzetan parte hartu zutela.

Pepito Yanci, Los Xey talde entsutetsuarekin.

 

Ameriketatik bueltan eta taldea desagertu zenean ostalaritza eta irakaskuntza uztartu zituen bizimodua aitzinera ateratzeko. Akordeoi irakasle aritu zen hainbat lekutan baina batez ere Lesakan eta Donostian ireki zuen akademian.

Akordeoilari gisa jotzaile abila zen arren, bere bertutea laguntzea edo “akonpañamientoa” egitea zen. Gizon hurbila eta atsegina, umore handikoa, beti izan zen soinularien artean estimatua eta errespetatua.

Etorri handiko konposatzailea, bere lana 500 bat obren inguruan ibiliko da nahiz eta oraindik ez den katalogazio sakonik egin. Bertan hainbat moldetako lanak topatu daitezke: Euskal Herriko ohiko erritmoak (Fandango, arin-arin, zortziko, biribilketak…), abestiak, gabon kantak, korurako lanak, egokitzapen eta itzulpenak… Akordeoi eta trikitixarentzat auniz idatzi zuen, eta fandangoak batez ere, maila handikoak ziren. Bere lanen grabaketa ugari daude, bai bere eskutik bai bertze soinulari eta taldeen eskutik eginak ere.

Besta giroan, Pepito Yanci akordeoiarekin eta Jose Mari Alzugarai 'Larrane' eta Guillermo Agara kantari.

Herriko egunerokotasunari musika jarri zion bertako lagun, elkarte, peña, bazter, animalia edota zuhaitzei himnoak eta abestiak idatziz. Ezagunena, uztailaren 6ean Lesakako San Fermin bezperan jotzen den Mozkorrenborda izanen da.

Gaur egun herri mailan bere izena nahikoa ahantzia badago ere, akordeoi eta trikitixa munduan bere piezak etengabe jotzen dira Enrique Zelaia, Iñaki Diegez, Joxean Goikoetxea, Korrontzi… bezalakoen eskutik. Carlos Sauraren azken lanean, La Jota, Carlos Nuñezek Yanciren “Suge-gorri” fandangoa grabatu du.

Bertsogile bezala maiz argitaratu zituen bertsoak garaiko aldizkarietan eta Auspoa sailaren laguntzaile ere izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun