Urtea agurtzeko emanaldi berezia eskaini zuen Lesakako Musika Bandak abenduaren 30ean. Pepito Yanci, beti bizi goiburupean, herriko akordeoilari handiari egin zioten omenaldia, bere jaiotzaren mendeurrenean. Harriondoa Kultur Etxean eskainitako bi emanaldietarako sarrerak agortu ziren.
Gidoia Andoni Egaña bertsolariak prestatu zuen eta musika konponketak Xabier Zabalak. Gonbidatuen artean Golden Apple Quartet taldea izan zen, baina herriko soinulariek, dantzariek, Iñaki Dieguez, Antxon Gisasola, Inma San Sebastian eta Dani Conde bezalako musikariek ere parte hartu zuten. Pepito Yanciren bizitzaren inguruko pasarteak ere taularatu zituen antzezle talde batek eta bertze zenbait sketch bidez grabatuak proiektatu ere egin zituzten, emanaldi gustagarrietan.