ZuTuberrak
Abenduaren 6an izanen da, igandearekin, 18:00etan. Eidabe Taldeak ZuTuberrak antzezlana eskainiko du. Antzezlan hau, batez ere, publiko gazteari (10-14 urte bitartekoei) zuzendua da.
Protagonistak Bits eta Gor gazte alai eta aktiboak dira. Txip aldaketetan jostetan ariko dira: robotak bailiran, burmuinean txip berria sartuz, bakoitzak bere gogoko dohaina aukeratuko du. Gorrek indarra hautatuko du. Bitsek, aldiz, hitzak aukeratuko ditu eta, hitzei esker, trebetasun handia izanen du rap kantari gisa. Ondorioz, sekulako arrakasta izanen du sarean, YouTuben, hain zuzen ere. Gorrek, inbidiak jota, hitzak gordetzen dituen txipa ezabatuko dio Bitsi. Orduan, honek ezin izanen du rapeatu, hitzik gabe galduta baitago.
Antzezlan honek hizkuntza ezabatuko baligute gertatuko litzatekeenaz gogoeta egitera gonbidatuko ditu gaztetxoak. Erritmo bizia, zuzeneko irudiak, bideoak eta rap musikaz zipriztindutako antzezlana da.