Nafarroako Osasun Plataformak deituta larunbatean Iruñean eginen den manifestaziora joateko deia egin dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 25a, 13:00

Osasun etxea zaindu lelopean, asteazkenero-asteazkenero bezala, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Lesakan. Iragarri dutenez, osasun etxe bakoitzaren egoera aztertzeko, abenduan alde batera utziko dituzte elkarretaratzeak. Baina horrekin batera, larunbat honetan, Iruñean eginen den manifestaziora joateko deia egin dute: «Nafarroako aurrekontuetan zerbitzu publikoetara, eta zehazki, osasun zerbitzuetara diru gehiago bidera dezaten eskatzeko».

Asteazkenero bezala, 10:00etan egin dute hitzordua Lesakako osasun zentroaren atarian, eta hainbat herritar eta osasun langile bildu dira lehen mailako osasun arretaren defentsan. Nafarroako Osasun Plataformaren izenean oharra leitu dute eta larunbat honetan, azaroak 28, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta eginen den manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatu dute. 17:30ean hasiko da. Adierazi dutenez, «bertze kolektibo sozial batzuekin batera» parte hartuko dute manifestazioan eta «arduradun politikoei Nafarroako aurrekontuetan zerbitzu publikoetara eta zehazki osasun zerbitzuetara diru gehiago bideratzea» eskatuko dute.

Horrekin batera, asteazkenero osasun zentroen aitzinean egin izan dituzten elkarretaratzeak abenduan «bertan behera utziko» dituztela iragarri dute. Tarte hori osasun etxe bakoitzaren egoeraren azterketa egiteko erabili nahi dute. Inkesta bidez eginen dute azterketa eta bukatzean horren berri emanen dutela jakinarazi dute. Hala ere, ez dute baztertu horren ondotik berriz elkarretaratzeak egiten hasteko aukera.

Azkenik, Osasun Departamentuko kontseilari eta zuzendaritzari «oinarrizko osasun laguntzaren egoera zuzentzeko lehenbailehen lanean hasteko» deia egin diete: «hartu dituzten neurriei esker egoera hori are larriagoa egiten lagundu dute». Gisa berean, «urtea bukatzerako, oinarrizko osasun laguntza indartzeko plan bat iragartzeko» eskatu diete, «eta has dadila berau aplikatzen urtea hastearekin batera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun