IXABEL ERRANDONEA

«Horma egin arren, irauten duten loreak dira nagusi»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 29a, 10:00

Ixabel Errandonea beratarra, Lesakako Beko loredendan.

Ixabel Errandonea Alzuguren, Beko loredendakoa

Ixabel Errandonea Alzuguren lorez inguratuta bizi da. Duela 30 urtetatik Lesakako Beko loreak eta landareaken topatuko dugu irribarretsu. Lore eta landareak ezagutzen dituen bezala, ezagutzen dute eurek ere Ixabel. Azaroak lehen pausoa ematearekin bat, kolorez janzten dira eskualdeko hilerriak. Etxekoen hilarriak apaintzeaz gain, joandako bertze lagun eta ezagunen hilerriak ere bisitatzeko aprobetxatzen da kanposanturako bisita. Santu Guztien Eguna hurbildu ahala lana handitzen joaten da Bekoko negutegian. «Urrian hasten gara enkarguak hartzen azaroaren 1erako dena prest izateko». Hala ere, bada azken momenturako dena uzten duen jendea ere «geroz eta gehiago» direla dio Errandoneak.

Domu Santu Eguna jendearentzat «berezia» dela adierazi digu beratarrak. Egun seinalatua hildakoak oroitzeko eta ohitura da hilerria egun honetarako apaintzea. «Baina jendeak ez ditu joandakoak ahanzteko», urte osoan loreak  paratzen dituztenak geroz eta gehiago dira. Azaroaren 1era arte esperatu gabe aste horretan bertan hilerriko itzulia egiten duenik bada, egun seinalaturako «dena garbitu eta txukun izateko».

Loreetan ere moda kontuak izaten dira, baina jendeak «irauten dutenak» paratu nahi izaten dituela argitu digu. «Lehen urrelili edo krisantemoak ziren gehien paratzen zirenak, hilerrietan nagusi izaten zen». Orain «hagitz gutti» omen dira  hautu hori egiten dutenak «beti da baten bat, baina guttiengoa da». Krisantemoak edo urreliliak hilabete irauten baitute, «ez dira gure klimarako eta kanpoan edukitzeko lorerik egokienak». Horregatik, «gure bezeroak udazken eta neguak aguantatzen dituzten landareen bila etortzen dira». Neguko loreak gehienbat, «horma egin arren iraunen dutenak». Ahalik eta landare indartsuenaren bila joaten dira egun hauetan Bekora hurbiltzen direnak. Garai honetarako egokienak eta gehien irauten dutenak izaten dira «ziklamenak, azaleak, pentsamenduak...». Lore horiei laguntzeko eta kolore berdea emateko alboan zuhaixka bat dutenak dira «jendeak gehien eramaten dituen zentroak».

Bekora joaten diren bezeroak urteetako bezeroak dira eta konfidantza osoa izaten dute Errandonearen aholkuetan. Bertaratzen direnei «aholkuren bat» ematen omen die, baina era berean «ideia finkoak» dituzten bezeroak daude, «argi dute ze lore paratu» eta erraza da euren nahietara egokitzea. Landareek eta loreek ere badituzte euren mantentze-lanak eta horien nondik norakoak ere ematen dituzte Bekon. «Nahiz eta gehienek badakiten nolako zaintza-lanak behar dituzten, gogoraraztea ez da gaizki etortzen». Aunitz dira hildako familiartekoaren edo lagunaren gustuak errespetatzen dituztenak, «gehienbat kolorea bereizterako orduan». Edozein kolore ere eramaten dute baina, adibidez, «lore horidunik ez, ez zitzaiolako horia batere gustatzen». Edo alderantziz ere gertatzen omen da, «kolore maiteena horia izan eta beti lore horidun landareak jartzea».

Santu Guztien Egunean oro har hilerrirako joera izaten du jendeak. Baina mendietan familiartekoen eta lagunen errautsak dituztenak ere oroitzen dira. Zuhaitzak edo zuhaixkak landatzen dituztenez ez dute egun honetan lorerik paratzeko ohiturarik, «ohikoa ez izan arren, bada lore sortaren baten bila etortzen denik».

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun