AZAROAK 1, SANTU GUZTIEN EGUNA

Sentimenduak dituzten harriak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 29a, 14:00

Loradenda eta gozotegiez gain, bada azaroaren 1erako lana sortzen zaionik ere. Hargintza enpresak nabaritzen dute lanaren gorakada. Izan ere, Santu Guztien Egunerako familiek maite dituzten senide eta lagunen hilobiak konpondu eta apaindu nahi izaten dituzte. Udazkenean hilerrietako oroitarriak edo eskulturak egiteko eta moldatzeko edota mantentze-lanetarako eskariak areagotzen zaizkie.

Gurean ohikoena harri naturala erabiltzea izan da: Baztango harri gorria, Duco harria, Pitillas harria, Debako harri beltza... Gaur egun, hormigoi inprimatuarekin egindako oroigarriak ere ugaritu dira, batetik, prezioz harri naturala baino aunitzez merkeagoa delako eta bertzetik, ez duelako mantentze-lan berezirik behar. Materiala dena delakoa ere, oraindik gurutzeak edo hilarriak dira egun horretarako gehien egiten dituztenak eta herri bakoitzeko arauak kontuan hartuz betiere. Pieza bakoitza bakarra izaten da eta harri zati bakoitzak milaka sentimendu ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun