Koronabirusa

«Lesaka inguruko osasun arreta arrisku larrian dago»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 3a, 15:27

«Prekarietate egoeran» lanean ari direla salatu du Lesakako lehen arretako lantaldeak.

Lesakako Osasun zentroko lehen mailako arretan ari diren profesionalek oharra kaleratu dute, «duela urte batzuetatik lanean dugun prekarietate egoera» salatzeko, eta aldi berean, «azken hilabeteotan pandemiaren eraginez, egoerak okerrera» egin duela adierazteko.

Urriaren 1az geroztik hainbat lanpostu hutsik dituztela jakinarazi dute: Lesakan mediku baten plaza, larrialdietako lantaldean mediku baten plaza, Beran lanaldiaren %40 edukiko lukeen pediatra baten plaza, Beran administrari baten plaza, Arantzan %50ean aritzeko administrari baten plaza (baita larunbat goizetan ere) eta Lesakako kontsultan 2020ko otsailaz geroztik hutsik dagoen mediku-errehabilitatzaile baten plaza.

«Administrazioak duela hilabete batzuetatik bazekien zein zen gure egoera»

Kritiko mintzatu dira administrazioarekin. Izan ere, adierazi dutenez, «administrazioak duela hilabete batzuetatik bazekien zein zen gure egoera eta azkenean, urriaren 1etik aitzinera egia bihurtu da, orduan kokatzen baitira langileak lanpostuetan, eta gure kasuan, lau plaza hutsik utziz». Covid-19aren ondorioz, «egoerak okerrera» egin dutela diote: «lehendik eskatuak eta onartuak ziren baliabideak bete gabe gelditu dira edo aldez aurretik zeudenak eten dira».

Ez hori bakarrik. «Orain arte gainerako lantaldearen esfortzuari esker moldatu» badira ere, «hemendik aitzinera herritarren zati handi bat erreferentzia-profesionalik gabe geldituko dela» nabarmendu dute. Bide batez, «herritarrek beti adierazi duten ulermena eta kolaborazioa ere eskertu» nahi izan dituzte.

«Agenda amaigabeak gure gain hartzen ditugu, behar baino aunitz ere ordu gehiagoko lanaldiak egiten ditugu»

Lehen mailako arretan «prekarietatean» ari direla diote, baina «hala ere, gaixo kronikoak, Covid-19a dutenak, larrialdeak, auto-istripuak... artatzen segitzen dugu. Agenda amaigabeak gure gain hartzen ditugu, behar baino aunitz ere ordu gehiagoko lanaldiak egiten ditugu, gure ibilgailuak erabitzen ditugu, gure jantziak, gure telefonoak... Mediku-erizainen oinarrizko unitate bakoitzeko egunean bana bertze sei etxetara joaten gara, erretiroa hartzeko adinetik hurbil dauden sei profesional ditugu... Baina denak muga bat du».

Iruñetik urruti izanda, «gure eskualdeko osasun zerbitzua estaltzea zaila dela» jakitun direla onartu dute; «hala ere, edozein aitzakia ez da onargarria gure herritarrak behar bezalako baldintzetan artatuak ez izateko».

Egoera ikusita, «berehalako irtenbidea» eskatu dute, «momentuko egoera txarra delako eta okerrera egin dezakeelako». Are gehiago: «Lesaka inguruko osasun arreta arrisku larrian dago, eta oraingo osasun profesionalok ezin izanen dugu segitu baldintzak ez badira hobetzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun