Koronabirusa

«Musukoa erabiltzeari eta distantzia sozialari dagokionez, bakoitzaren portaerak eragina du gure ondokoetan»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 22a, 11:00

Ruth Gonzalez Santo Tomás, Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendaria

Estu eta larri sumatu dugu Ruth Gonzalez, Bortzirietako Osasun Eremuko zuzendaria. «Momentu honetan esku artean ditugun kasu kopurua dela eta, lanez gainezka gaude» dio Gonzalezek. «Kasu aktibo aunitz ditugu, eta bakarrik kontaktuei guziei PCR probak egitea lan handia da; etxekoak bizpahiru, eta lagunartean bertze 6-8 gutienez. Eta gehitu gero gaixotuta edota konfinatuta dauden adinekoen segimendua egitea. Eta hori dena nahikoa ez balitz, agintariek, atzotik herrietako osasun zentroen esku utzi dute PCR proba guzti-guztiak egitearen ardura. Lan zama izugarria».

«Leitzan bezala Bortzirietan ere baheketa masibo bat egitea osasun agintarien esku dago»

«Positiboen kopuruak goraka egin du Bortzirietako herri guzti-guztietan» dio Gonzalezek. «Oraingoz, bi pertsona daude ingresatuta eta baita hildako bat ere. Gainera, azken aste honetan ohartu gara goraka doala kasu klinikoen kopurua ere» gaineratu du, hau da «euren inguruan positibo ezagunik izan gabe, positibo eman duten pertsonak. Horrek erran nahi du birusa gure artean dabilela eta ez dagoela kontrolatua».

Alabaina, Bortzirietan bezala Nafarroako bertze hainbat tokitan ere goraka egin du positiboen kopuruak eta «PCRak eta segimenduen sistema osoa gainezkatua dagoela» ikusten du osasun eremuko zuzendariak. «Leitzan bezala Bortzirietan ere baheketa masibo bat egitea Nafarroako osasun agintarien esku dago, eta, momentu honetan, hemengo egoera berdintsuan edota zailagoan daude hainbat tokitan».

«Musukoa erabiltzeari eta distantzia sozialari dagokionez gutako bakoitzaren portaerak eragina du gure ondokoetan»

Garrantzitsua da jendea ohartzea «gutako bakoitzaren portaerak eragin ikaragarria duela gure ondoan dauden pertsonetan». Gonzalezek behin eta berriz errepikatzen du oharpen hori. «Burutik kendu behar dugu birusa eskolatik datorrela dioen ideia hori. Kutsadura, batez ere, familia giroan eta lagun kuadrillatan ari da gertatzen. Garrantzitsua da jendea horretaz ohartzea. Covid-19ak bat-batean eragiten du, eta 48 ordutan ongi egotetik hiltzeraino eraman zaitzake. Eta ez hori bakarrik, badira ondorioekin gelditu diren pertsonak ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun