Gehienez hamar minutu gelditzeko aparkalekuak margotu dituzte Lesakako herrigunean

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 18a, 09:00

Mugikortasunaren alde egiten ari den lanen barrenean, Lesakako udalak gehienez hamar minutuz gelditzeko aparkalekuak gorriz margotu ditu herrigunean, mandatuak egin ahal izateko, erosketak egiteko, udaletxera edo zerbitzuetara joan ahal izateko.

Zehazki, udaletxe aitzinean lau aparkaleku paratu dira, astegunez 08:00etatik 14:00etara irekiak egonen direnak. Ordutegi horretatik kanpo itxita egonen dira, udaletxearen aitzinaldea libre izateko bolardoak jartzen baitira. Bertze bi aparkaleku Arretxea karrikan ezarri dituzte, Iñaki janaridendaren parean. Eta bertze bortz leku Plaza Zaharreko aparkalekuan paratu dituzte. Hauetan, astelehenetik ortziralera 08:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara eta larunbatetan 08:00etatik 13:30era geldi daiteke hamar minutuz. Ordutegi horretatik kanpo aparkaleku arruntak izanen dira.

Hauetaz gain, karga-deskargarako bertze zenbait puntu ere paratu dituzte Rural Kutxaren parean (goizez), Zabaleta dorrearen aitzinean eta Txinelka zapatadendaren parean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun