Mugikortasunari buruzko inkesta egiten hasi dira Lesakan

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 17a, 16:00

Irailaren 25era bitarte hamasei urtetik goitiko lesakarren iritzia bildu nahi du udalak, mugikortasun plana zehazten hasteko. Honen bidez, mugikortasun ohituren inguruko informazioa jasoko da, neurri zehatz batzuen inguruko iritzia eman ahal izanen dute eta proposamenak luzatzeko tartea edukiko dute.

Lesakako udalaren helburua «mugikortasun arloan herri inklusibo eta jasangarria izatea da». Herrigunean zenbait aldaketa egin beharko liratekeela uste du udalak eta asmo horrekin mugikortasun planaren idazketan ari dira. Lesakarren iritzia jasotzeko prozesu parte-hartzailea jarri du martxan, herritar ororen errealitateak kontuan hartuz erabakiak hartzeko.

Galdetegia bete ahal izateko bi bide zabalduko dira. Alde batetik, udalaren web orrian zintzilikatuko da, bertan online bete ahal izanen delarik. Bertzetik, herriko zenbait komertziotan, Xagun, Orekan, Ogi berrin eta izarra okindegian, paper formatuan eskuratu ahal izanen da, eta ondotik udaleko administrazitzan entregatu beharko da.

Honetaz gain, Lesakako Udala herriko kolektibo eta eragileekin bilerak egiten ari da. Euren errealitateak ezagutzeko eta prozesu honetan egokitu ahal izateko. Ikerketa faseak urte bukaera arte iraunen du, behin infomazio guztia jsotzen denean, talde teknikoaren lana izanen da proposamenari forma ematea. Prozesuari amaiera emateko, mugikortasun planaren aurkezpen ekitaldi bat ere eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun