Naiara LUKANBIO

«Automozioa ikasi nahi dudala erratean jendea harritu egiten da»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 4a, 11:00
Irailaren 4an Lesakan izanen den Rallysprintean parte hartuko du Naiara Lukanbiok.

Naiara LUKANBIO Lesakako gaztea

Edonork nahiko lukeen lagun baten ezaugarriak ditu Naiara Lukanbio Otxotekok, «Lesakako gazte saltsero, ero eta naturalak». Gazte gehienek bezala, «kuadrillakoekin otordu bat egitea eta bestara ateratzea» du gustuko, eta hori «motorrarekin bueltan» bada, «aunitz hobe». Aspaldiko zaletasuna du, «etxean beti traste artean» ibili izan da eta «ttikitatik jakin-min handia» izan du. 

Mugimendua non, Lukanbio han izaten da, batez ere, «autoak tartean direnean». «Hamabi-hamahiru urte» zituela hasi zen rallyak ikusten eta «hasiera-hasieratik aunitz gustatu» izan zaizkio: «zaletasun polita iruditu zait…». 

Kanpotik ikusi, barrenetik bizi
Kanpotik ikustea eta barrenetik bizitzeak ez du sentsazio bera eragiten eta ongi ikusi du hori lesakar gazteak. Izan ere, «Unsionek proposamena bota zidanean, uztailean» egin zuen auto barrenean debuta: «Malerrekako Rallysprintean betetzerik izanen ote nuen ez nekien ametsa egia bihurtu zen, kopilotu atera nintzen». 

Hodei Unsionek gidatutako BMWan ibili zen motorzalea, argibideak ematen eta, aitortu duenez, «lehenbiziko aldia izateko hagitz ongi» moldatu ziren. Pilotuaren lana goraipatu eta esker ona adierazi nahi izan dio: «Unsion ederki ibili zen eta ez zen gutti izan niretaz fidatzea…».  

«Lagun eta ingurukoen babes osoa izan dut»

«Dudarik izan gabe» onartu zuen gonbidapena eta bizitakoaren ondotik ez da damutu hartutako erabakiaz, «solasez azaldu ezin den sentsazioa» bizitu zuelako: «agudo eta gozatzen joatea… ikaragarria izan zen». 

Beldurrik ez, errespetua bai
Abiadurak beldurrik ez baina «errespetua» eragiten dionik ez du ukatu lesakar gazteak. Baina, aldi berean, «errespetu hori izatea ona dela uste dut, bertzela, autoan azkar joatea arriskutsua izan litekeelako». Aldi berean, ordea, «gorputzean adrenalina hori sentitzea polita» iruditzen zaio. 

Geroz eta emakume gehiago
Gustuko duenari tarte egitea eta genero estereotipoak gainditzea garrantzitsua da Lukanbioren ustez. Hortaz, irakurleak gustuko dutena egitera animatu nahi izan ditu: «beldurrak utzi eta gozatu!». Bide hori geroz eta errazagoa da, «zirkuituetan geroz eta emakume gehiago ikusten dira eta rallyetan, guttiago izanagatik, aldatzen ari da...». 

Hurrengoa Lesakan
Pausoa emanda, ondoko hitzorduei begira hasia da: «hurrengo hitzordua uztailaren 25ean izan genuen, Irunen egin zen klasikoen igoeran, eta hurrengoa Lesakako Rallysprintean izanen da». Begiz joa du irailaren 5a: «herrian parte hartzea berezia izanen da». Urruti begiratu gabe, hasiera honetan, «gozatzea eta ibilbidea bukatzea» bertzerik ez du desio.   Eta nork daki, akaso noizbait gidari ikusiko dugu: «momentuz ez dut horretan pentsatu baina, egia erran, ez dut aukera baztertu...».

Afizioa eta ikasketak
Rallyetan izaten diren motor arazoak ez dira oztopo izanen Lukanbiorentzat. Afizio gisa hasi duen ibilbidea lanbide bilakatu nahi baitu. Hastear den ikasturte honetan «automozioa ikasteko» asmoa du,  eta «ondotik gehiago espezializatu nahi nuke».

Aurreiritziak aurreiritzi, bere bidea eraiki nahi luke, eta horretan babes osoa izan duela aitortu du: «zer ikasi nahi dudan erraten dudanean harridura pixka bat eragiten duen arren, lagun eta ingurukoen babesa izan dut». Maite duena eginez, motorrak konponduz eta autoak gidatuz, urruti ailegatzeko giltza guztiak eskura ditu...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun