Guzira 151 neska-mutikok eman dute izena Bortzirietako udalekuetan

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 3a, 13:00
151 haurrek eta 16 begiralek parte hartuko dute aurten udalekuetan.

Arantzan 21 haurrek eman dute izena, Beran 54 haur apuntatu dira, Etxalarren 23, Igantzin 18 eta Lesakan 35. Haiekin lanean ariko diren begiraleak, berriz, 16 izanen dira. Uztailaren 13an hasiko dituzte udalekuak.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ohar bidez jakinarazi du «dena prest» dagoela heldu den uztailaren 13an Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakan udalekuekin hasteko. Guztira 151 neska-mutikok eman dute izena eta 16 begirale ariko dira haiekin lanean. Dindaia Fundazioa arduratuko da udalekuen programazioaz eta kudeaketaz.

Arantzan 21 haurrek eman dute izena eta udalekuak uztailaren 13tik 31ra izanen dira, hiru astez, aurten ez baita haur nahikorik apuntatu laugarren astea osatzeko. Berako kasuan, 54 haur apuntatu dira eta udalekuak lau astez izanen dira, uztailaren 13tik abuztuaren 7ra. Etxalarren 23 haur ibiliko dira udalekuetan. Kasu honetan ere udalekuak lau aste horietan izanen dira. Igantzin, Arantzan bezala, udalekuak uztailaren 13tik 31ra izanen dira, ez baita haur aski apuntatu laugarren astea osatzeko. Guzira 18 haurrek parte hartuko dute. Lesakako kasuan 35 dira partaideak. Kasu honetan zazpi aste iraunen dute udalekuek, uztailaren 13tik abuztuaren 28ra. Baina Mankomunitatetik adierazi dutenez, «bukaera aldera izen-ematea aunitz apaldu da».

Udalekuak ikastetxe publikoetan izanen dira. Arantza, Bera, Etxalar eta Igantziko kasuan 10:00etatik 13:00etara bilduko dira eta Lesakan bertzelakoa izanen dute ordutegia: haurrek 09:00etatik 10:00etarako tartean sartu beharko dute eta 13:00 arte egonen dira.

Udaleku hauen helburua «jarduera ludikoen bidez euskaraz aritzeko aukera ematea» izaten da. Aurten, ordea, Covid-19a tarteko, «helburu pedagogikoa ere gehitu zaie», dio Mankomunitateak oharrean. Hala, «haurrek osasun eta higiene neurriak modu praktiko eta ludikoan ikasteko aukera izanen dute, eta horrez gain alderdi emozionala ere bereziki landuko da». Gisa berean, osasun agintariek emandako osasun eta higiene gomendio «guztiak» beteko dituztela gaineratu dute eta azaldu dute «une bakoitzeko neurrietara egokituko» dituztela. Begiraleek gaiaren inguruko «formakuntza zehatza» eskura izanen dutela ere argitu du eta hortaz, «udalekuak haurrentzako osasun espazio seguruak» izanen direla.

Bide batez, udalekuetan ibiliko diren haurren familiek udalekuetako araudia eta «batik bat Covid-19arekin lotutakoa» aitzinetik leitzeko aholkatu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun