Bortzirietako Osasun Etxeak eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak egiten duten elkarlanaren baitan, Covid-19 pandemia testuinguruaren harira, gomendio xorta bat prestatu dute. Gaur egungo egoera berri honek orain arteko normaltasunarekin alderatuz hainbat ezberdintasun dituela eta, inoiz baino ardura individual eta prebentzio neurri kontzienteagoak hartu eta betearazteko ohartarazpena egin dute.
Honela, pertsona artean metro eta erdiko distantzia mantentzea, eskuak maiz garbitzea, musukoa erabiltzea, positibo eman duen pertsona batekin harremanetan egonez gero isolamendu/bakartze neurria betetzea (14 egunez) edo sintomarik izanez gero 948 290 290 zenbakira deitzea dira aholku orokorrak.
Uda sasoia opor eta atsedenaldi garaia izaki, maizago izaten dira jende arteko planak egiteko aukera edo ekitaldietan parte hartzeko gonbidapenak. Hortaz jatorri desberdinetako jende multzoak ekiditearen garrantziaz oroitarazi nahi dute Bortzirietako Osasun Etxetik eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik eta «gauden jendearekin gaudela, sintomarik edo positiborik inguruan izan duen jakitea gomendagarria dela» iruditzen zaie.
Sustantzien kontsumoetan «beti eskatzen dugun ardura egungo egoeran handiagotzea azpimarratzea nahiko genuke; alkohol eta bertzelako sustantzien kontsumoak gure burua eta ingurukoekiko ardura eta babes neurriak gutxiagotzen dituelako».
Pertsona arteko harreman osasuntsu eta errespetuzkoak izan daitezen lan egiten dute, «bai ligoteoan bai harreman egonkortu edo lagun artekoan. Errespetatu norbere nahia eta bertzearen erabakia!».
Azkenik, Osasun Etxetik eta Mankomunitatek diotenez, «argi izan norbanako portaerek ondorio kolektiboak dituztela etajokaera kolektiboek eragin indibidualak izan ditzazketela».
Genero indarkeriatik babesa
Genero indarkeriak forma ezberdinak dituela ere gogorarazi dute: Psikologikoa (oihuak, etengabeko intsinuazioak, kontrola, bakartzea, gutxiestea…), sexuala (onartu gabeko harreman sexualak, ukitzeak…), ekonomikoa (diruaren erabilera kontrolatzea…) edo fisikoa (agresioak, bulkaldiak, kolpeak…). Horietatik edozeinetatik babesteko, orrientatu, lagundu edo informatzeko, Gizarte Zerbitzuetara (948 63 50 36 telefonoa, astelehenetik ortziralera, 08:00etatik 15:00etara), Osasun Etxera (948 63 80 00, astelehenetik ortziralera 08:00etatik 15:00etara), EAIVera (948 00 49 52 (astelehenetik ortziralera, 08:00etatik 15:00etara), edo 016 eta 112 telefonoetara (24 orduz) dei daiteke.