Herrian kontsumitzea sustatzeko asmoz, erosketa-bonuak banatuko ditu Lesakako Udalak herritarren artean. 20 euro ordainduta, bortz euroko bortz bonu jasoko ditu herritarrak. Gehienez ere, 16 urtez goitiko herritar bakoitzak hamar bonu eskuratzeko aukera izanen du, hau da, 40 euro ordainduta, 50 euroko erosketa egiteko aukera izanen du. Herritarrek ekainaren 22tik uztailaren 31ra izanen dute udaletxean bonuak erosi eta herriko dendetan gastatzeko epea eta ez da dirurik itzuliko. Herrian publikoari arreta emateko lokal bat duenak eta konfinamenduaren ondorioz bere negozioa itxita eduki behar izan duten 32 komertzio, ostatu, jatetxe edo zerbitzuak atxikitu dira promozio honetara.
Horrela bada, Herriko Etxeak 12.600 euroko gastua aurreikusi du proiektu honetarako (2.400 bono oparituko dira) eta 60.000 euroko kontsumoa sustatuko du. 12.000 euro bonuetan herritarrei banatzeko erabailiko dira, herrian kontsumi dezaten eta bertze 600 euroak erabiltzaileen artean sariren bat zozketatzeko.
Ordainketa egiterakoan, bortz euroko bonuak erabili ahal izanen dira baldintzak bete eta kanpainara atxikitu diren herriko denda, zerbitzu, ostatu edo jatetxetan. Ezin izanen dira bortz euro baino kantitate ttikiagoak ordaintzeko erabili bonuak.