Aurtengo udan ere, igerilekuak irekiko dituztela jakinarazi du Berako Udalak. Dena den, osasun egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak jarraituz eginen dutela iragarri du; eta horretarako Udala eta Urdi enpresa protokoloa zehazten ari dira.
Erreserba, gehienez lau lagunendako
Protokoloan «segurtasun distantzia gordetzeko eta edukiera mugatzeko» neurriak zehaztuko dira, eta horretarako, ordu-tarteak mugatuko dira, tarte bakoitzean gehienezko edukiera zehaztuz. Erabiltzaileek aitzinetik hitzordua hartu beharko dute, tokia erreserbatzeko.
Bera Hurbil aplikazioko agendatik egin daiteke erreserba. Egun eta ordu-tarte bakoitzeko 'ekitaldi' bat zehaztuko da, eta erabiltzaileak nahi duen egun/ordu-tartea aukeratu eta tokia erreserbatuko du, 'izena eman' aukera bitartez.
Lau pertsonentzako erreserba egin ahal izanen da, beti ere toki librea badago. Tokirik ez balitz, aplikazioak ez du utziko erreserba egiten eta bertze egun/tarte bat aukeratu beharko da. Erreserba egin ondotik, mugikorrean erreserba egin dela baieztatzeko mezu bat jasoko dute. Erreserba egin duenak mezu hori igerilekuko sarreran erakutsi beharko du.
Erreserba gabe joanen dena sartu ahal izanen da, bakarrik edukiera bete ez bada, hau da, oraindik toki librea bada. Erreserbak Beran erroldatuak diren erabiltzaileek bakarrik egin ahal izanen dituzte. Beratarrak ez direnak, hau da, erroldatu gabe direnak, sartu ahal izanen dira, bakarrik edukiera bete ez bada, hots, oraindik toki librea bada.
Ordu-tarteak
Honako ordu-tarte hauek izanen dira: 11:00etatik 13:00etara; 13:00etatik 15:00etara; 15:00etatik 17:00etara; 17:00etatik 19:00etara; eta 19:00etatik 20:00etara. Ordu-tartea bukatzean erabiltzaile guztiak igerilekutik atera beharko dira hurrengoak sartu ahal izateko. Nahiz eta ondoko tarterako ere erreserba egina izan ez dute barrenean egoterik izanen.