Gure inguruko hainbat herritan hartua dute dagoeneko bestak alde batera uzteko erabakia. Ekainaren 17an, heldu den asteazkenean Berako Udalak batzarra izanen du eta gai-ordeneko puntuetako batean herriko bestak ospatu ala ez erabaki behar du. Hori baino lehenago, Berako udalak jakin nahi du kultur eragileen iritzia eta horregatik dei egin du ekainaren 15ean, astelehenean 18:00etan Herriko Etxeko Pleno aretoan eginen den bilerara.
Gai-zerrendari dagokionez, lehen puntuan herriko bestak ospatu bai ala ez erabakiko dute. Ospatuz gero, kronograma bat egin beharko litzateke, dena lehenbailehen antolatzen hasteko. Ez ospatzea erabakitzen bada, alternatibak aztertuko dituzte. Ondotik, galdera-eskaeren txanda izanen da. Berako udaletik oroitarazi dutenez, bilerara maskararekin joan behar da eta distantziak mantendu.