Koronabirusa

Herrian kontsumoa bultzatzeko bonuak banatuko ditu Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 5a, 19:30

Herrian kontsumitzea sustatu nahi du Lesakako udalak.

12.600 euroko gastua aurreikusi dute proiektu honetarako, 60.000 euroko kontsumoa sustatuko duena

Herrian kontsumoa bultzatzeko asmoarekin bonuak banatuko ditu Lesakako Udalak herritarren artean. 20 euro ordainduta, 5 euroko bortz bonu jasoko ditu herritarrak. Gehienez ere, 16 urtez goitiko herritar bakoitzak hamar bonu eskuratzeko aukera izanen du, hau da, 40 euro ordainduta, 50 euroko erosketa egiteko aukera izanen du.

Honela, Herriko Etxeak 12.600 euroko gastua aurreikusi du proiektu honetarako (2.400 bono oparituko dira) eta 60.000 euroko kontsumoa sustatuko du. 12.000 euro bonoetan herritarrei banatzeko erabailiko dira, herrian kontsumi dezaten eta bertze 600 euroak erabiltzaileen artean sariren bat zozketatzeko.

Ordainketa egiterakoan, 5 euroko bonuak erabili ahal izanen dira baldintzak bete eta kanpainara atxikitu diren herriko denda, zerbitzu, ostatu edo jatetxetan. Ezin izanen dira 5 euro baino kantitate ttikiagoak ordaintzeko erabili bonoak.

Komertzioek ekainaren 15a arteko epea izanen dute kanpainara atxikitzeko eta herritarrek ekainaren 22tik uztailaren 31ra izanen dute udaletxean bonuak erosi eta herriko dendetan gastatzeko epe eta ez da dirurik itzuliko. Herrian publikoari arreta emateko lokal bat duenak eta konfinamenduaren ondorioz bere negozioa itxita eduki behar izan duten komertzio, ostatu, jatetxe edo zerbitzuak atxikitzen ahal dira promozio honetara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun