Erabaki hori hartu baino lehen aukera bat baino gehiago aztertu du mankomunitateak. Izan ere, osasun larrialdi egoera honetan hasieratik zail ikusi zuen udalekuak ohiko formatuan eskaini ahal izatea, eta horren ordez bertzelako eskaintza mugatuago bat eskaintzeko aukera aztertzen aritu da, inguruko eragileekin batera.
Halere, eskaintza mugatuago horren antolaketarekin aitzinera jarraitzeko ere, ongi finkatuak eta arautuak egon beharko lukete jarduera horietan bete beharreko osasun baldintzek eta segurtasun neurriek, eta gaur-gaurkoz ez dago horrelakorik.
Beraz, ikusita ez dagoela bermerik udalekuak modu egokian eta seguruan eskaini ahal izateko, aurtengoz ez antolatzea erabaki du.
Arrakasta handia izaten dute udalekuek Bortzirietan: iazko edizioan 211 neska-mutikok parte hartu zuten. Aurten ere gogotsu zegoen mankomunitatea udako aisialdi eskaintza berriz antolatzeko, baina, egoera ikusirik, gogo eta kemen guzia 2021eko udalekuen antolaketa hobetzeko gordeko du.