Koronabirusa

Dei kopuru altua antolatze aldera, osasun zentrora deitzeko ordutegiak ezarri dituzte Bortzirietako Osasun Zentroan

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 25a, 09:30

Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendaritzak oharra kaleratu du Covid-19a tarteko sortu den «krisi larriaren ondorioz, osasun arretan egin diren aldaketetara egokitzeko egindako ahaleginagatik» herritarrei eskerrak emateko. Horrekin batera, bi kontsulta zirkuitu bereiziko dituztela eta deien ordutegiak ezarriko dituztela jakinarazi du.

Egin diren aldaketetara egokitzeko herritarrek egindako «ahalegina» eta egoera «ulertu» izana eskertu nahi izan ditu Bortzirietako Osasun Zentroko Zuzendaritzak. Baina gisa berean, kontuan hartzeko zenbait ohar kaleratu ditu.

Ordutegiak
Deien kopuruak «goiti» egin du Lesakako Osasun Zentroan. Hala, hori antolatzeko ordutegiak finkatzea erabaki dute. Kontsulta eskatzeko eta egunean arreta jaso ahal izateko 08:00etatik 10:00etara deitu behar da; administrazio izapideetarako 09:00etatik 11:00etara dei daiteke eta larrialdiak artatzeko 08:00etatik 15:20ra hartuko dituzte deiak. Ordu horretatik aitzinera 112ra deitu beharko da.

Bi kontsulta zirkuitu
Bertzetik, «Osasun Departamentuaren gomendioei jarraituz», hau da, «pilaketak saihesteko eta kutsatuta egoten ahal diren pazienteak bertze pazienteengandik bereizteko», arreta «kasu gehienetan, aitzinetik kontsulta telefonoz egin eta gero emanen dela» jakinarazi dute, eta horrekin batera, «bi kontsulta zirkuitu bereizi» dituzte. Osasun laguntza behar izanez gero, Bortzirietako herritarrek osasun zentrora deitu behar dute eta harrera zerbitzutik adieraziko diete zer egin. Haiek izanen dira herritarrak profesional egokienarengana bideratuko dituztenak. Horretarako «administrariek informazioa bilduko» dutela dio oharrak.

Hasierako dei horren ondotik, «osasun langilek deia bueltatzeaz arduratuko dira». Horren harira, «batzuetan ezkutuko zenbaki edo zenbaki ezezagunetatik egindako deiak» izanen direla ohartarazi dute. Gisa berean, «eskaria telefonoz konpontzen saiatuko» direla adierazi dute, «eta bertzela, osasun zentrora edo kontsultategietara joateko hitzordua emanen dute».

Aurrez aurreko hitzorduak
Aurrez aurreko hitzorduen kasuan, pazienteei «beren orduan» joateko eskatu diete: «ez lehenago, ez geroago». Horrekin batera, «segurtasun tartea mantentzeko» eta «maskara eramateko» deia luzatu dute. Laguntza behar dutenen kasuan, berriz, «laguntzaile bakarrarekin joan ahal izanen dira, eta hark ere behar bezala babestuta joan beharko du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun