Koronabirusa

Lesakako Sanferminak ere bertan beheiti utzi dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 21a, 08:10

San Fermin egunean ez da ezpatadantzarien "arrankadarik" izanen aurten.

Hainbat eragile eta herritarrekin solastatu eta gero hartu du erabakia Herriko Etxeak

Lesakako Udalak, aho batez eta bizi dugun egoerak hartara behartuta, aurtengo Sanferminak bertan beheiti uztea erabaki du.

Lesakako alkate eta zinegotziek sinatutako oharrak dioenez, «badakigu zeinen garrantzitsuak diren herriko bestak herritar guziontzat. Hori dela eta ez dugu erabakia sobera goiz hartu nahi izan, ezta bakarrik ere. Bide horretan, azken asteetan, hainbat herritar eta besta eragilerekin solastatu gara, elkarri aditu eta elkarrekin hausnarketa egin dugu. Hala nola honako hauekin: besta batzordea, ostatuak, komertzioak, txosna batzordea, kultur eragileak, etab…».

Lesakako alkate eta zinegotzien erranetan, «erabakia gogorra izan da, baina aldi berean erraza. Ez dago bertzerik. Egoera desberdin eta zail bati egokitzea dagokigu aurten, ohitura ditugun gauza aunitz alde batera utzita eta berriak zaizkigun jarrerak gureak eginez. Segurtasuna ez den bertze guzia, San Ferminak barne, bertze maila baten kokatu behar izan da».

Lan horretan ari da Lesakako Herriko Etxea, «arduraz, indarrez eta irudimenez. Etorriko dira urte eta gauza berriak, itxitako ate bakoitzak leiho bat irekitzen duelakoz. Eutsi goiari eta unea, edozein dela, osotasunean bizi!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun