Berako Udalak, 10.000 euro jarri ditu, merkataritza ttikiaren aldeko sustapen bonutarako. Bera bizirik! Gurekin zaude? ekimen hau Berako merkatarien elkartearekin elkar lanean abiatu du, Larun Haizpe elkartearekin batera alegia. Dena den, elkartekide ez diren establezimenduei ere zuzendua da. Osasun larrialdiaren ondorioz, ezarritako alarma egoera dela eta aste batzuez itxita egon behar izan dira gure herriko hainbat establezimendu eta galera handiak izan dituzte.
30 euroko mila bonu
Horretarako, 30 euroko mila bonu banatuko dira herritarren artean, 10 euro udalak jarriz eta 20 euro bezeroak. 1.000 bonu horiek kanpainan parte hartzeko konpromisoa hartzen duten establezimenduen artean banatuko dira ekitatiboki. Parte hartzen duten establezimendu kopuruaren arabera kalkulatuko da zenbat bono dauden bakoitzarentzat.
Kanpaina honetan parte hartu nahi duten establezimenduek ondoko konpromisoak hartuko dituzte:
- Kanpainaren difusioa eta zabalpena egin beraien eskura dituzten medioetan (eskaparateak, web orriak, sare sozialak...)
- Bonuen erabileraren jarraipena egin (nork erabili dituen, zenbat falta diren, Udalarekin harremana ordainketa egiteko...)
- Bonuak ezin izanen zaizkie hurbileko familia kideei eman
Bonuak dendetan izanen dira eskuragarri. Hasierako fasean adin nagusiko herritar bakoitzak bonu bakarra hartu ahalko du familia-unitateko, nahi duen komertzioan. Zortzi lanegun egonen dira herritarrek bonuak hartu ahal izateko.
Lehenbiziko fase hori bukatzean oraindik bonuak gelditzen badira, establezimenduek bonu hauek bezeroen artean banatuko dituzte.
Bonuak kontsumitzeko bi hilabeteko epea izanen da. Epe hori pasatuta, Udalak erabilitako bonuoen ordainketa eginen dio komertzio bakoitzari.
Kanpaina uztailaren 18an akituko da
Kanpaina maiatzaren 20an, asteazkenean abiatu zen eta martxa ederra hartu du. Uztailaren 18an bukatuko da. Berako Udalak balioan jarri nahi du herriko merkataritza txiki eta hurbila. «Krisi egoeran konfinatuta gaudelarik beraiek izan dira bizirauten lagundu digutenak eta zaindu gaituztenak. Berriz ere gure eskertza luzatu nahi diegu lerro hauen bitartez», dio oharrean.
Orain establezimenduak poliki-poliki irekitzen hasi direnean bultzada bat eman nahi diete sustapen bono hauekin, eta «beratarrak animatu eta gonbidatu nahi zaituztegu kanpaina honetan parte hartu eta bono horiek erostera».
Krisi egoera honek udalaren eta herriko merkatari txikien arteko harremanak sendotzeko balio izan du, elkar ezagutzeko ere bai, eta uste dute «Berako bizilagun guztiak konturatu garela zein beharrezkoak diren herria bizirik mantentzeko. Hemendik aitzinera ere ildo honetan lanean jarraitzea nahiko genuke, herriko establezimenduetan kontsumituz, herri bizi eta bateratu bat izateko».