Koronabirusa

Berako Udalak terrazak haunditzeko aukera emanen die ostalariei

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 13a, 10:30
Zenbait tokitan aparkalekuak kentzeko edo karrikaren bat trafikoari ixteko aukera eskainiko dute. Dena den, 23:00etatik 10:00etara tarte horiek herritarrentzat erabilgarriak izan behar dute.

Bizi dugun egoera zail honetan, Berako udala herriko komertzio txikia, ostalaritza eta zerbitzuak bultzatzeko laguntzak eskaintzen ari da. Lehendabiziko fase honetan, «tabernari hauek laguntzeko eta herritarrei terrazan egoteko aukera emateko», egoerak iraun bitartean, ostalariei terrazak haunditzeko aukera eskaini die.

Horretarako, «tabernaren inguruan dagoen espazio publikoa» eskainiko die. Ostalari bakoitzaren esku geldituko da aukera hori onartzea edo ez eta «ordutegia (gehienez 22:30era arte), mahai eta aulkien kokapena eta bertzelako segurtasun neurriak betetzeko plangintza aurkeztu beharko dio udalari». 

Gaineratu dutenez, aukera hori gauzatu ahal izateko «hainbat aparkaleku kentzen ahal izanen dira karrika batzuetan, edo karrikaren bat trafikoari itxiko zaio, terrazaren ordutegi barruan». Egoera horrek ondoko karrika hauei eragiten ahal izanen die, tabernariek aurkeztuko duten plangintzaren arabera: Julio Caro Baroja, Ugalzubia (erdiko tartean), Itzea, Eztegara (igerilekuen bidearen aldean), Iturlandeta, Sara karrika... Dena den, «tarte horiek guztiak erabilgarriak izanen dira herritarrentzat, 23:00etatik 10:00ak arte».

Kasu guztietan «oinezkoen ibilbidea eta portalen eta garajeen sarbidea» segurtatuko direla jakinarazi dute, segurtasun distantziak errespetatuz.

Bide batez, Udalak barkamenak eskatu ditu: «badakigu egoera horrek eragina izaten ahal duela hainbat herritarrengan, eta barkamenak eskatu nahi dizkiegu jasaten ahal dituzten eragozpenegatik. Baina, arrazoiak ulertu eta herriko tabernari eta dendariei laguntzeko beharrarekin bat eginen dutelakoan gaude».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun