Koronabirusa

Mailaz igo eta Gipuzkoako Ohorezko mailan jokatuko dute Beti Gazteko emakumeek

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 12a, 18:00
Beti Gazteko emakumeen taldea igoera faserako sailkapena ospatzen. Orain, bertze modu batera ospatu beharko dute igoera.

Igoera faseko beraien multzoan lehenbizikoak ziren denboraldia eten zenean

Lesakako Beti Gazteko emakumeen futbol taldea mailaz igo eta Gipuzkoako Ohorezko mailan ariko da 2020-2021 denboraldian. Gorengoen mailako beraien multzoan lehenbizikoak izan ondotik, igoera fasean ere lehenbizikoak ziren lesakarrak martxoan, aurtengo denboraldia eten zenean. Gipuzkoako Federazioak denboraldia bukatutzat eman eta mailaz igotzeko eskubidea zutela jakinarazi zien eta neskek aukera hori baliatzea erabaki dute astelehenean egin zuten bilera telematikoan.

Izan ere, «neskak kategoriaz igotzeko gogoekin eta ilusioarekin» daudela aipatu digu Joxe Luis Altzugarai entrenatzaileak eta klubak ere begi onez ikusten du igoera. Altzugarai berak segituko du entrenatzaile lanean eta erronka gogorra datorkiela uste du, «heldu den denboraldiari begira, bizpahiru jokalarik Iruñeko talde batekin fitxatuko dute, selektibitatea prestatu beharko dute bertze zenbaitek uda honetan eta igual kanpora joanen dira ikastera, kategoria ere gogorragoa da, talde indartsuagoak, bidaia luzeagoekin… Ikusiko dugu!». Hori bai, aurtengoa «denboraldi polita» izan dela aipatu digu entrenatzaileak, «lehenbiziko fasean lehenbizikoak izan ondotik, igoera fasean ere lehen postuan ginen… nahi baino lehen bukatu zela denboraldia, horixe pena, sasoi onean geundelako eta gogotsu! Baina igoera lortu dugu eta ospatzeko modukoa da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun